- Hernani burujabe

Hernaniko Udalaren aburuz, Ekhi monetak herrian zirkuitu ekonomiko itxia lortzen lagunduko du, ondorioz, tokiko ekonomia eta merkataritza indartuko dira eta ekonomia jasangarriagoa eta solidarioagoa izango du.

Gainera, euskal monetarekin herritarren erosketa ohiturak aldatzea, herrian egitera animatuz bilatzen da. Beste helburu batzuk komunitatea indartzea bizitza soziala eta ekonomikoa hobetzeko, hurbiltasun ekonomia indartzea eta udalerriko ekonomia dinamizatzea dira.

Udalak Ekhilur kooperatibari 28.900 euroko dirulaguntza zuzena emango dio monetaren ezarpenerako beharrezkoak diren lanak egin ditzan.

Ekhi ez da txanpon fisiko bat, ordainketak egiteko sistema digital bat baizik. Beraz, martxan jartzeko beharrezkoa den plataforma erabiltzeko prestakuntza eta Ekhi moneta sozialaren erabileran inguruko laguntza emango die kooperatibak pertsona erabiltzaileei, negozioei eta norberaren konturako langileei.

Aldi berean, Ekhia erabiltzeko zirkuituak Hernaniko eta inguruetako dendetara, elkarteetara eta enpresetara zabaldu beharko dute eta Ekhia onartzen duten hornitzaileak bilatu beharko dituzte, Hernaniko dendei erabilera errazteko.

Enpresei eta norberaren konturako langileei Ekhiak eta Ekhilur sistema merkataritzan kudeatzeko aholkuak emango zaizkie, Ekhien birzirkulazioa errazteko eta euroetara aldatu beharrik ez izateko.

Hernanin Ekhi moneta sozialaren erabileraz sentsibilizatzeko hitzaldiak antolatuko dituzte, beste leku batzuetan antzeko esperientzia dutenei partekatzera gonbidatuz.

Azkenik, adierazle ekonomiko agregatuak sortu, programatu eta mantenduko dituzte, merkatarien elkarteak zein udal Ekonomia sailak kontsultatu ahal izateko. Adierazle horiek merkatariekin eta udal teknikariekin adostuak izango dira.