- Beterri Saretuz ekimenak aurtengo ekintza plana eta helburuak aurkeztuko ditu Usurbilen ostegunean. Eskualdeko enpresa, eragile eta erakunde ugari biltzen dituen iniziatibak aurten ere urrats gehiago emango ditu parte-hartzean oinarrituriko enpresa-ekosistema baterantz egiteko.

Beraz, otsailaren 17an 9.30etik 12.00etara Usurbilgo udaletxeko areto nagusian emango dio ofizialki hasiera urteari, eta ekintza plana eta aurtengo helburuak aurkeztuko dituzte saio horretan.

Horrez gain, sareko kideen artean dekalogo bat osatzeko asmoa ere badute eta ekimenaren parte direnen arteko esperientziak trukatzen jarraituko dute aurten.

Usurbilgo aurkezpenean parte hartzeko izen-ematea zabalik dago oraindik eta https://labur.eus/UFQVr estekaren bitartez egin daiteke.

Beterri Saretuz 2019an jarri zuten martxan eskualdeko hainbat enpresa eta eragilek, Hernanin egindako ekitaldi batean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Beterri-Buruntza Udalen laguntzarekin. Jardunaldi ugari antolatu dituzte geroztik, eta enpresetan parte hartzea sustatzeko gida ere sortu dute.

Iazko urtean egituratze saioak eta enpresa nahiz eragileen beharrak asetzeko saioak egin zituzten: interkooperaziorako formazioa, esperientziak, parte-hartze eta ahalduntze tresnak... 2021eko ekainaren 17an etorkizuneko sarea josteko saio praktikoa egin zuten Astigarragan, eta aurtengo erronkak finkatu zituzten. Guztiaren berri bideotan eta sare sozialetan jasota dago.