- 2022ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartuta dago eta Udalak banatuko dituen dirulaguntzak onartu dira aho batez urtarrileko bilkuran. Izan ere, dirulaguntzen deialdia egin ahal izateko beharrezkoa da, aurrez, osoko bilkurak berrestea.

Laburbilduz, iaz kaleratutako dirulaguntza lerroez gain, beste bi ere eskainiko dituzte aurten: herriko kultur sortzaileei bideratutakoa eta gizarte bazterketa egoeran edo arriskuan dauden herritarrei zuzendutakoa. Aurreikuspenen arabera, beraz, otsailaren amaiera aldera irekiko da norgehiagokakoak diren laguntzak eskatzeko epea.

Kultur sormena bultzatzeko dirulaguntzari dagokionez, izatez, iaz eskaintzekoa zen Udala, baina zenbait arazo tarteko, ezin izan zuen egin. Aurten, ordea, bai: 30.000 euro zuzenduko dizkio Usurbilgo kultur esparruan eragin nahi duen orori.

Horrez gain, gizarte bazterketa egoeran edo arriskuan dauden herritarrei zuzendutako beste lerro bat abiatuko du Udalak: 10.000 euroko lerroa izango da, baliabide nahikorik izan ez eta bestelako dirulagun-tzak eskuratu ezin dituzten herritarren oinarrizko beharrak asetzeko.

Jasotako eskaerek kopuru hori gainditzen badute, partida handituko dutela nabarmendu zuen Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak osoko bilkuran.

Gizarte Larrialdietarako Lagun-tzak jasotzeko herrian gutxienez sei hilabetez erroldatuta egon behar da, eta baldintza horretatik kanpo gelditzen direnei bideratuko zaie lerro hori. "Ez da gizarte talde handi bat, baina gutxieneko estaldura soziala izan dezaten bermatu nahi dugu: pandemia hasi zenetik esan dugu gizarte babesa blindatzea dela gure apustua, eta hobarien aukerak zabaltzeaz gain, gizarte babesa blindatu eta herritarren aukera berdintasuna bermatze aldera jarriko dugu martxan lerro berri hau", aipatu zuen alkateak.

Solaberrietak azaldu zuenez, Eusko Jaurlaritzak finantzatu beharrekoak dira Gizarte Larrialdietarako Laguntzak %100ean. Orain arte, 60.000 euro bideratu izan ditu, eta Udalak beste 30.000 euro jarri behar izan ditu behar guztiei erantzuteko. Aurten, laguntza horietatik kanpo gelditzen direnentzako 10.000 euro jartzeaz gain, Gizarte Larrialdietarako Laguntzetan ohi baino 10.000 euro gehiago jarri beharko ditu Udalak, Jaurlaritzak 50.000 eurora jaitsiko duelako aurtengo ekarpena.

Bestalde, gizarte gaiei lotutako bi puntu onartu zituzten, aho batez: alde batetik, etxez etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko Aldundiarekin hitzarmena berritzea, eta, bestetik, GSRren kontratua urtebete luzatzea Puntapax eguneko zentroaren kudeaketarako.