- "Hernaniko Udalak urte asko daramatza herriko establezimenduetan euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin lanean, bai paisaje linguistikoan eraginez (kartelak, dirulaguntzak...), bai establezimenduetako langileen euskara gaitasuna hobetzeko euskarako eskolak eta beste hainbat material eskainiz, eta baita bezeroak herriko dendetan euskara erabil dezaten animatuz ere", baietsi du Oier Agirresarobe Euskara zinegotziak.

Hernaniko Udalaren aburuz, saltokietan eta ostalaritza establezimenduetan euskara sustatzea giltzarria da, merkataritza herria bizirik mantentzeko funtsezkoa delako. Hori dela eta, Udala, Dobera euskara sustatzeko elkartea eta Berriak merkatarien eta ostalarien elkartea akordio batera iritsi dira 2022an erronka horri ekiteko.

Aurrerantzean ere Udalaren asmoa da lanean segitzea herriko denda eta tabernetan euskarak leku gero eta handiagoa izan dezan. Orain, esaterako, Udalak eskuartean du Eusko Jaurlaritzak sustatutako Betikoa. Gertukoa kanpaina eta horrekin bat egingo du. "Bestalde, eta nagusiki, herritik bertatik sortutako egitasmo iraunkorrak sustatu eta laguntzen jarraituko dugu", nabarmendu du Agirresarobek. "Eta horixe da, hain zuzen, Dobera euskara elkartearekin elkarlanean 2022an landu nahi duguna", gaineratu du.

Honenbestez, 2022ko urtarriletik ekainera bitartean, urtearen lehenengo sei hilabeteetan, "herriko paisaia linguistikoan zentratuko gara", azaldu du zinegotziak. Hau da, establezimenduetan nola dauden ida-tzita errotuluak, oharrak, menuak, web orriak, etab.

"Antzematen ditugun hutsuneak gainditzeko laguntza ematea izango da gure helburua. Eta lan horretan, herritarrak ere inplikatu nahi ditugu. Formulario bat irekiko dugu establezimenduetako paisaian an-tzemandako hutsuneen berri emateko, beti ere hizkuntzazko lagun-tza behar duen establezimenduari laguntza hori eman ahal izateko (izan itzulpena, euskarazko materiala, aholkularitza edo dena delakoa)".

Bigarren seihilekoan, berriz, ahozko erabileran zentratu nahiko lukete: "Herriko establezimenduetan ditugun harremanetan euskara gailendu dadin helburuarekin: euskara jakin eta ulertzen dugun bezero eta dendariok euskara erabili eta euskarari eustea". Agirresaroberen esanetan, "gutxienekoak dira Hernanin euskararen ulermenik ez duten dendari-tabernariak. Hauek zerbitzua euskaraz emateko adina gaitasun eskuratzen laguntzeko ere jarriko dugu programa bat abian".