Gertuko memoria izango dute ardatz urtengo Hernaniko Oroimen Jardunaldiek, 1960ko hamarkadako amaiera eta 1970eko hasiera, hain zuzen. Garai hori gogoratzeko orduan ezin da baztertu gizartea eta iritzi publikoa gogor astindu zuen Burgosko Prozesua.

Horregatik, jardunaldi hauek asteazkenean hasiko dira Burgosko Prozesua. Frankismoari epaiketa erakustaldiaren inaugurazioarekin. Irekiera ekitaldia 19.00etan izango da, eta, ondoren, Aranzadi zientzia elkarteko Javi Bucesek, historian ikerlaria eta erakusketaren komisarioak, Frankismoa bakarra izan zen. Oposizioa eta errepresio frankista Gipuzkoan / Oposición y represión franquista en Guipúzcoa (1960-1975) hitzaldia eskainiko du. Miguel Castells abokatuak ere parte hartuko du solasaldian. Erakusketa hau Hernaniko Udalak, udal artxibo zerbitzuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Zuzendaritza Nagusiak eta Aranzadi zientzia elkarteak antolatu dute eta ikusgai egongo da Biteri kultur etxean abenduaren 18ra arte.

Burgosko Prozesuan (1970ko abendua) Melitón Manzanasen (Gipuzkoako Brigada Politiko-Sozialeko burua) hilketan ustez inplikatutako ETAko 16 kide auzipetu zituzten. Epaiak bederatzi heriotza-zigor, 519 urteko espetxe kondena eta absoluzio bat ezarri zituen.

Hala ere, gertatu ziren protesta ugariengatik eta komunikabideetan eta nazioartean izan zuten oihartzunagatik, Frankismoaren aurkako oposizioaren garaipen ikur bihurtu zen. Azkenean, besteak beste, herio-tza-zigorrak konmutatuak izan ziren.

Hurrengo ekitaldia abenduaren 9an izango da, Biteri kultur etxean bertan, 19.00etan. Olano funtsako hainbat materialekin, eta prestatutako testuinguru historikoarekin, 1960-1975 urte bitarteko Hernani entre los años 1960 - 1975 solasaldia aurkeztuko da; jardunaldi hauetan ardatz diren gaiak erdigunean jarriz. Hizlariak Joxan Goikoetxea (Olano Funtsaren jagolea) eta Txuso Gomez (Udal Artxiboko teknikaria) izango dira.

Azkeneko ekintza abenduaren 15ean izango da, Biteri kultur etxean ere, 19.00etan. Orduan Ritxi Lizar-tza, David Pallarés eta Oier Aranzabalen Apaiz kartzela dokumentala proiektatuko da.

Dokumentalak Zamorako apaiz-espetxean preso zeuden lau apaizek presondegira eginiko bidaia azaltzen du. Historia nahiko ezezagun bat berreskuratu nahi duen lana da. "Ahanzturaren aurkako bidaia" dela nabarmendu dute Udaletik.

Izan ere, Francok, Vatikanoarekin sinatutako Konkordatua erabiliz, Zamorako kartzela konkordataria sortu zuen (1968-1976), erlijiosoen-tzako munduko kartzela bakarra.

Bukaeran, solasaldi bat antolatu da. Horretan, dokumentalaren egileetako batek gaiaren nondik norakoak azalduko ditu. Gonbidatu berezi bat izango du ondoan, Zamorako kartzelan izandako apaiz euskaldun bat.

Asteazkenean 19.00etan Biteri kultur etxean Burgosko Prozesuaren inguruko erakusketa zabalduko da