- Lasarte-Oriako Jalgune elkarteak ¡Así me gusta a mí! ¡HU-HA! 30 urte pausoka eta poliki ametsak betetzen lelopean, gaur 18.00etan Manuel Lekuona kultur etxean eskainiko duen jaialdi batekin ospatuko du bere 30. urteurrena.

Baina ospakizunak ez dira hemen amaituko. Lasarte-Orian 30 urte hauetan zehar lagunekin eta elkarteekin bizi izan dituzten uneak batu nahi izan dituzte. Horretarako, bi bideo grabatuko dituzte.

Lehena, zorion-bideoklip bat da, Jalgune zoriondu nahi duten elkarteen bideoekin egindako muntaia da, Semblante Rociero abesbatzako kide batek sortutako eta Jalgunek koruarekin batera abestutako abesti baten audioarekin.

Bigarrena, Pirritx, Porrotx eta MariMototsen Pausoka Pausoka abestiaren bertsioaren bideoklipa da. Isa Fernandez de Agirreren laguntzarekin grabatuko dute eta laster aurkezpenaren data jakinaraziko dutela adierazi dute.