31 milioi euro kudeatuko ditu ernaniko Gobernu taldeak berriki aurkeztu dituen 2022rako aurrekontuetan, aurten baino 2,5 milioi gehiago. Isa Sanchezek, Ogasun zinegotziak, esan zuenez, Hernanik inoiz izan duen aurrekonturik altuena da. Igoera honen arrazoiak Foru Funtsetik 1,94 milioi euro gehiago jasoko direla eta udal zerga eta tasetan ere ia 600.000 euro gehiago jasoko direla dira.

Beraz, aurrekontu horrek iaz pandemiarengatik bertan behera utzi ziren inbertsioak berreskuratzeko ahalbidetuko ditu. Zehazki inbertsioetara 1,5 milioi euro bideratuko dira: ur-hornidura eta saneamenduaren azpiegiturak berritzeko 422.000 euro; udal eraikin, ikastetxe eta kirol instalazioak hobetzeko 420.000 euro; Urumea ikastolaren eraikin zaharraren eremuko Plan Berezia garatzen hasteko 120.000 euro; errepide, herri-bideen asfalta-tze kanpainarako beste 120.000 euro eta lur kutsatuen azterketa egiteko 100.000 euro, besteak beste.

Bestalde, partida garrantzitsu bat Udalak aurten martxan jarritako proiektu estrategiko batera zuzenduko da: Hernani Burujabe herri proiektua. 2022an zaintzari bultzada berezia emango zaio. Honela, helburuetako bat, Xabier Lertxundi alkateak azaldu zuenez, "zaintza lanak duindu eta bakardadeari aurre egitea" da. Horretarako, etxez etxeko langileen lan baldintzak hobetzeko 290.000 euro gehiago jarriko dira (guztira, 1,36 milioi euro). Gainera, auzozaintza programa berria martxan jarriko da 260.000 eurorekin adinekoen bakardadeari aurre egiteko eta adinekoen gaiez ardura-tzeko Adinekoen teknikari bat kontratatuko dute.

Bestalde, datorren urtean proiektu teknikoak idazteko 350.000 euro bideratuko dira. Aztertuko diren proiektu batzuk Osinagako zubia, Portu eta Kaxkoa lotzeko igogailuaren kokapena eta Galarreta eta Errekalde arteko bidegorria dira.

Alabaina, inbertsioez gain, oraindik pandemia garaian gaudenez, dirulaguntza eta ekarpenetan 235.800 euroko gorakada emango da. Besteak beste, etxebizitzetako alokairua, eraikinak birgaitzeko eta lokal hutsetan negozioak jartzeko laguntzak handituko dira.