- Buru osasuneko arazoak dituzten pertsonentzako Enplegu Zentro Berezi bihurtu berri den Karabeleko etxalde agroekologikoa elkarlanean hasi da Lasarte-Oriako Kool Studiorekin. Lankidetza honen helburua herrian elikadura eta ekoizpen ekologikoari bultzada ematea da, baita buru osasuneko arazoak dituzten pertsonen laneratzea sustatzea ere.

Hortaz, ekimenaren xehetasun guztiak ezagutarazteko gaur 18.00etatik aurrera Kool Studion, Blas de Lezo kaleko 9. zenbakian, herritarrei zuzendutako hitzaldi irekia antolatu dute.

Karabeleko irabazi asmorik gabeko elkartea da eta lursail zabalak ditu Hernani eta Astigarraga artean. Bertan lan egiten duten pertsonen %70 desgaitasuna dute. Orain Lasarte-Oriara ere zabalduko du bere kontsumo taldea. Hain zuzen ere, astean behin, ostiraletan, otarrak banatuko dituzte Kool Studion, tokiko eta sasoiko barazki ekologikoekin, bai eta inguruko ekoizleek landutako bestelako elikagaiekin ere.