Uda Hernanin

Dantza, musika, zirkua, zinema, antzerkia... publiko guztientzako moduko ekintzak antolatu dira. Orain ere, Chillida Lekurekin elkarlanean, abuztuaren 7an zinema proiekzio bat egongo da. Hori izan ezik (museoan eta 10 euroko sarrera duena), gainontzeko ekitaldiak Atsegindegin eta doakoak izango dira. "Aforo murriztuarekin, eserita eta distantziarekin, gel hidroalkolikoarekin eta espazio irekia izan arren musukoarekin eta aldez aurretik gonbidapenak hartuta" izango dira, azpimarratu zuen Etxeberriak.

Honen harira, zinegotziak gogorarazi zuenez, "iaz abiatu genuen Uda Hernanin, covid-19aren eraginez ohikoa zen Uda Parkean programa ordezkatzeko, pandemiak irauten zuen bitartean. Ez genuen uste aurten ere egoera beretsuan egongo ginenik, baina horrela gaude eta zuhurtziaz jokatu nahi izan dugu berriro ere. Kulturaren aldeko apustua egin dugu izurritearen hasieratik eta erabaki horri eusten diogu kultura beharrezkoa delako eta segurua delako".

Uztailaren 17an abiatuko da udako kultur eskaintza, musika bandaren kontzertuarekin. Oso kontzertu berezia izango da, Severino Vazquezen azken kontzertua izango delako. "Severino 60 urtez bandako kide izan ondoren, omenaldia egingo zaio emanaldi honetan", azaldu zuen Etxeberriak.

Uztailaren 24an dantza ikuskizun batez gozatzeko aukera izango da. Lapurdiko Bilaka Kolektiboak euskal dantzetan ditu sustraiak eta adierazpen abangoardiekin uztartzen dituzte haien lanak. Sortu berri duten Basaide ikuskizuna eta pieza laburragoa den Distantzian taularatuko dituzte.

Ikuskizun hauetarako gonbidapenak datorren astelehenean eskuratu ahalko dira, ohiko moduan, Biteri kultur etxean eta kultura.hernani.eus webgunean. Hurrengo gonbidapenak ikuskizuna izan baino bi aste lehenago jarriko dira leihatilan.

Uztaila zirku-antzerkiaren proposamen batekin agurtuko du Hernanik, So, Xampatito Pato lanarekin. Abuztuaren 6an Teatro Che y Moche taldearen El funeral musika-an-tzerkia ikusteko aukera izango da, eta hurrengo egunean, abuztuaren 7an, Chillida Lekuko zinema emanaldia egongo da, El fotógrafo de Minamata (2020) pelikularekin.

Gazte dantza emanaldia etorriko da abuztuaren 14an, Oinkari dantza taldearekin eta Hika Teatrorekin. Ainara Ortegaren musika emanaldia izango da abuztuaren 21ean.

Express zirku emanaldiak, Cía Faltan 7-ren eskutik, Uda Hernanin egitaraua itxiko du abuztuaren 28an. Akrobaziak, oreka malabareak eta umorea uztartzen dituzte.