Hernani | Uda freskagarri bat piszinetan

10.06.2021 | 00:51
Iaz, aforo mugatuarekin, jendea zelaian eta piszinan.

Ekainaren 19an zabalduko dira eta iaz bezala bi txanda egongo dira, goizez eta arratsadez, aforo murriztuarekin

Hernaniko Jarduera Fisiko eta Kirol arloak jakitera eman duenez, Txillida Leku pasealekuan kokatzen diren jolas igerilekuak ekainaren 19an irekiko dira eta irailaren 12ra arte egongo dira erabilgarri. Iaz bezala eta pandemiaren ondorioz, aforoa %50ekoa izango da eta ahalik eta jende gehien sartzeko xedearekin, bi txanda izango dira: goizez eta arratsaldez.

Goizeko txanda 10.00etatik 15.00etara izango da, eta arratsaldeko txanda 15.30etik 20.30era. Erabiltzaileek uretatik bere txanda amaitu baino ordu erdi lehenago irten behar dute beste txandarako dena prest izateko. Indarrean dauden neurriengatik aurten ere ez dira toboganak irekiko eta aldagelak ezingo dira erabili.

Gogorarazi dutenez, bi aukera daude sartzeko: abonu txartela aterata edo aldian aldiko sarrera erosita. Bi kasuetan, aldez aurretik hartu beharko da txanda.

Herritar guztiek izango dute abonatu txartela egiteko aukera; online (aste honetatik aurrera) kirola.hernani.eus webgunean aurkituko duten estekaren bidez edo, presen-tzialki, (ekainaren 12tik aurrera), jolas igerilekuetan bertan, aurretik zita hartuta 943 016 345 telefono zenbakiaren bitartez.

Tiketa inprimatuta edo mugikorrean eraman beharko da eta egunero eguneko eta hurrengo eguneko sarrerak erosteko aukera egongo da. Arduradunek azpimarratu dutenez, egunero joateko aukera dago, baina txanda bakarrean. Behin sarrera hartuta, ez da dirurik itzuliko.

Abonatu txartelek eta eguneko sarrerek prezioa erdia izango dute aurten ere, zerbitzua ere mugatua delako. Beti bezala, Hernani eta Astigarragako kiroldegiko abonatuek prezio berezia izango dute. Hoberiak ere badaudela gogorarazi dute. Taldeei dagokienez, Hernaniko Udalak antolatutako udalekuetako haurren taldeak onartuko dira lehenago eta aforoaren arabera onartuko dira kanpoko taldeak.

Igerilekuetaz aparte, otorduak egiteko gunea, eta 10.000 metro karratu baino gehiagoko eguzkia hartzeko gunea daude. Aurten, berrikuntza bezala, kafetegi zerbitzua eskainiko da.

Gaztetxoentzat gune bat prestatuta dago, hainbat kirol praktikatu ahal izateko, besteak beste bolei, saski edo mahai-tenisa. Materiala norberak etxetik eraman beharko du, adibidez, bolei eta saskibaloiko baloiak, mahai teniseko palak eta pelotak.

noticias de noticiasdegipuzkoa