- Lasarte-Oria eta Usurbilgo Txikierdi eremuaren arteko bidegorria sortuko du Foru Aldundiakl. Beraz, laster hasiko dira bi Udal hauen bidegorria sortzeko lanak.

Bi modutan lotuko ditu bidegorriak Txikierdi eta Lasarte-Oria. Batetik, Oria ibaiaren ertzetik abiatuko da, eta aldapan gora, Urbil merkatalgunearen azpiko aldetik iritsiko da Lasarte-Oriaraino. Bestetik, Oria ibaiaren ertzetik, Michelinen paretik sartuko da Lasarte-Oriaren erdigune aldera. Bidegorri hau bizikletentzako eta oinezkoentzako izango da.

Construcciones Otegui Gaztañaga SLri esleitu dizkio lanak, 387.000 euroan, eta 20 asteko epean egingo ditu, aurreikuspenen arabera.

Bidegorri honek hika-mikak sortu ditu instituzioen artean. Hasiera batean, bidegorria Usurbil eta Lasarte-Oria arteko liskarretan sartu zen. Lasarte-Oriako Udalak Atsobakarren bere jabetzakoa den partzela bat du, baina hau Usurbilgo udalerriaren barnean kokatzen da. Bertan, futbolerako eta rugbian jolasteko zelai bat eta atletismo pista ba-tzuk eraikiko dira. Hasierako proiektuak harmaila finko batzuk ere aurreikusten zituen, baina hauek ez ziren Lasarte-Oriako partzelan sartzen eta Udalak Usurbili hauek eraikitzeko baimena eskatu zion. Usurbilek, lotura seguru baten ezean, bere herritarrek ekipamendu hura erabiltzeko kotxea hartu behar zutenez, ez zion baimenik eman.

Hala eta guztiz ere bidegorria eraikitzeko eskumena Foru Aldundiarena da, bi udalerri lotzen dituelako. Gauzak horrela, bi Udalek Aldundiari bide seguru bat izateko premia sartu zioten eta azkenean lotura hau egi bihurtuko da, aurreikuspenen arabera, urte bukaerarako.