Iaz sortutako Kultur Birari eusteko apustua egin dute Usurbilgo Udalak eta herriko hainbat eragilek aurten ere: "Arrazoia bat eta bakarra da: kultura hauspotu nahi eta behar dugu". Iazko moldeari eutsiko badiote ere, berritasun bat dakarte aurten: ez da Kultur Bira bakar bat izango, hainbat baizik, antolaketan diharduten herri-auzoetako jai batzordeek euren Kultur Bira propioak egiteko urratsa egin baitute (Kalezar, Sanesteban, Atxegalde, Santuenea eta Aginaga). "Ez dira festak izango, baina euren ohiko festa egunak baliatuko dituzte zenbait ekitaldi antolatzeko, euren herri-auzoetan kultur eskain-tza bermatzeko", azaldu zuen ostiral arratsaldean egindako aurkezpenean Luken Arkarazok, Kultura zinegotziak.

Hala, Usurbilgo Kultur Birak eta Kalezarkoak kointziditu egingo dute zenbait egunetan: Usurbilgoa ekainaren 11tik uztailaren 17ra bitartean izango da, eta Kalezarkoa ekainaren 24tik 27ra.

Hitz Aho guraso elkarteko Intza Makusok azaldu zuenez, aurtengo Kultur Birak iazkoaren modu berean funtzionatuko du. Sarrerak usurbilkultura.eus plataforman eskatu beharko dira, nahi adina, lehentasunezko biak zeintzuk diren adieraziz. Sistemak ekitaldiak izan baino bi egun lehenago egingo du zozketa, eta email bidez jakinaraziko zaie herritarrei sarrerak egokitu zaizkien edo ez. Aurten, gainera, sare sozial propioak ditu Twitterren, Facebooken, Instagramen eta Youtuben.

Usurbilgo zein Kalezarko kultur biren inguruko zantzu batzuk aurreratu zituzten. Usurbilgoak bi gune handi izango ditu, Artzabalgo frontoia eta Udarregiko zezen plaza, eta formatu txikiagoko agertoki gehiago ere izango dira herri-auzoetan. Egitaraua jasoko duen liburuxka astebete lehenago banatuko dute. Kalezarrekoak lau egun iraungo ditu eta egitaraua ere etxez etxe banatuko dute. "Era guztietako gustuak asetzen saiatu gara: haurrentzako ekitaldiak, gazteentzat, helduen-tzat...", esan zuen Beñat Arrutik, Kalezarko Jai Batzordeko kideak. Sarrerak usurbilkultura.eus webgunean eskatu beharko dituzte ere.