Usurbil | Usurbilek nokaren ezagutza zabaldu nahi du herrian

Emakumeei zuzendutako hitano trataera ikasteko doako ikastaroak antolatu dira apirilean

29.03.2021 | 01:21
Oxkar Santamaria Euskara zinegotzia eta Rosa Zubeldia irakaslea, aurkezpenean. Argazkia: N.G.

Usurbil – Nokaren ezagutza eta erabilera bultzatzeko doako ikastaroak antolatu dituzte, elkarlanean, Usurbilgo Udalak eta Etumeta euskaltegiak, 16 urtetik gorako herritarrei zuzenduta. Ikastaroan nokari, emakumeei zuzendutako trataera alokutiboari, emango zaio lehentasuna, baina hitanoaren oinarriak lantzea eta erabilera bultzatzea ere izango dute helburu.

Ordu eta erdiko sei saio praktiko izango dira, eta bi talde osatzeko aukera izango da: ostegun arratsaldeetakoa (18.00etatik aurrera) eta larunbat goizetakoa (10.00etatik aurrera). Apirilaren 15ean eta 17an hasiko dira ikastaroak, Potxoenean, eta Etumeta euskaltegiko irakasle Rosa Zubeldiak gidatuko ditu.

Izena emateko, mezua bidali behar da apirilaren 8a baino lehen itzultzailea@usurbil.eus helbidera. Oxkar Santamaria Euskara zinego-tziak azaldu duenez, azken aldi luzean antzeko ikastaroa antola-tzeko eskaera asko jaso dituzte udaletxean.

Gogorarazi dutenez, 2016an Usurbilen egin zen kale neurketak agerian utzi zuen nokaren erabilera urria. Izan ere, elkarrizketan aditutako herritarren artean hamarretik hiruk egin zuen hika, baina horien artean soilik %11,1 ari zen noka. Hau da, nokaren transmisioan etena gertatu da. "Gure guraso eta aiton-amonek egiten zuten, gure belaunaldiak eta ondorengoek ez dute neurri berean jaso", esan du zinegotziak.

Herri ondaretzat du Udalak hitanoa, bere aldaera guztietan, eta horregatik abiatu du nokaren ezagutza eta erabilera bultzatzeko ikastaroa.

Ikastaroak harrera ona badu, irailean segida emateko asmoa dutela aurreratu dute Udaletik. "Eta, akaso, ortzimugan, hikaldi moduko egun bat jar dezakegu, herri mailako dinamika bihur dadin", aipatu du zinegotziak.