- Hernaniko Berdintasun sailak Haurdunaldia: bizitzea eta partekatzea izenburuko tailerra antolatu du otsailaren 17tik ekainaren 16ra. COVID-19a dela eta, bederatzi bikoterentzat lekua egongo da soilik eta segurtasun neurriak hartuko dira.

Saioak asteazkenero 18.00etatik 20.00etara izango dira Biteri kultur etxean. Beraz, guztira hamabost eskola izango dira. Tailerra euskaraz burutuko da, beraz hizkuntza ulertzea derrigorrezkoa izango da. Izena emateko azken eguna otsailaren 14a izango da eta 40 euro ordaindu beharko dira. Matrikula egiteko Berdintasun sailarekin harremanetan jarri behar da (emaila: berdintasuna@hernani.eus; telefono zenbakia: 943 337 017; lekua: Plaza Feminista (Aristizabal, 7, behea).

Gutxienez hamabi asteko haurdunaldia duten emakumeek parte har dezakete haien bikote edo laguntzaileekin batera. Saio ba-tzuetan bakarrik haurdun dauden emakumeek hartuko dute parte, beste batzuetan haien bikote edo laguntzaileek eta beste batzuetan denak elkarrekin izango dira.

Tailerra Josune Martirena Sagastibeltzak eta Marijo Artola Lizarazuk gidatuko dute. Martiarena psikologoa, psiko-gorputz orientazioko psikoterapeuta eta osasuna bizitzaren hasierako unetik prebenitzeko gaian espezializatua da. Artola, aldiz, diafreo terapeuta da eta integrazioko gorputz terapietan, jarreren berreziketan eta medikuntza alternatiboetan espezializatua da.

Tailerraren helburuen artean haurdunaldiaren eta erditzearen anatomiari, haurdunaldiaren faseei eta umekiaren garapenari eta haurdunaldian izaten diren molestiak arintzeko eskura ditugun modu eta erremedioei buruzko informazioa ematea jaso-tzen dira.

Bestalde, emakumearen eta bikotearen benetako beharrak zein diren errekonozitzen eta adierazten hasteko tresnak partekatuko dira. Gainera, haurdunaldi eta erditze prozesuaren inguruko hausnarketa egiteko gune bat eskainiko du tailerrak, goxoagoa eta intimoagoa egiteko, mugimendu askatasunez eta segurtasun emozionaleko giro batean.