- Usurbilgo ostalaritza establezimendu eta jatetxeek gaurtik aurrera eskatu ahal izango dituzte Udalak ostalaritza berraktibatzeko sortutako dirulaguntzak. Gogorazi dutenez, COVID-19ak eragindako osasun krisiari eusteko horien itxiera dekretatu zuen Eusko Jaurlaritzak azaroaren 6an (38/2020 dekretua), eta itxiera horrek eragindako kalteei aurre egiteko sortu zuen Udalak dirulaguntza berria.

Atzo argitaratu zituzten dirulaguntzaren oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO), eta, beraz, gaurtik urtarrilaren 28ra bitartean izango dute interesdunek laguntza eskatzeko epea.

Bi modutara egin daitezke eskaerak: Udalaren zerbitzu digitalen bidez edo udaletxean bertan, 943 371 951 telefonora deitu eta hitzordua aurrez hartuta.

Eskatzaile bakoitzak 1.000 euro jaso ahal izango ditu, gehienez. Kopurua bi baldintzen arabera aldatu ahal izango da. Batetik, establezimendu eskatzaile guztiek kopuru finko bat jasoko dute: 700 euro. Bestetik, 300 euro osagarri jaso ditzakete, jardueraren ohiko funtzionamenduarekin lotutako hornidura udalerrian kokatutako txikizkako saltoki edo enpresetan egiten badute. Neurri horren helburua udalerriko ekonomia zirkularra eta saltoki txikiak sustatzea da.

Larrialdi ekonomikoko egoera kontuan izanda, kaltetutako ostalari eta zerbitzuei jarduera berrabiarazten laguntzeko eta bultzada emateko sortu ditu laguntza horiek Udalak. Guztira, 40.000 euro emango ditu dirulaguntzetan, baina kopuru hori handitu daiteke, oinarrietan zehaztu dutenez: “Hala ere, eskabideen kopurua eta zenbatekoa dirulaguntzetara bideratutako kopurua baino handiagoa bada, Usurbilgo Udalak zenbateko hori handitu ahal izango du, bere finantza-erabilgarritasunaren arabera”.

Tokiko merkataritzarekin lotutako beste datu bat utzi zuen Gertuago kanpainak. Abendura arteko datuak kontuan hartuta, sei hilabetetan ia 125.000 euroko ekarpena jaso dute herriko ostalari, merkatari eta zerbitzuen sektoreek. Horietatik ia 100.000 euro herritarrek jarri dituzte Gertuago erosketa bonuak erosita; Udalak, berriz, 25.000 euro jarri ditu, bonuei lotutako deskontuak bere gain hartuta. Hala, guztira, zehazki 124.964 euro izan dira.

Zenbait establezimendutakoak agortuta dauden arren, oraindik ere eskuragarri daude erosketa bonuak gertuago.eus webgunean. Ekainean eskaini ziren bonuak erabiltzeko azken eguna 2020ko abenduaren 31 zen; baina irailean jarri zirenak, berriz, 2021eko martxoaren 31 bitartean erabili ahal izango dira.