- Azaroaren 24tik abenduaren 1era Europako Hondakinen Prebentzioaren Astea (European Week for Waste Reduction) ospatzen da. Helburua, astebetez baliabide iraunkorrei eta hondakinen kudeaketari buruzko ekintzak sustatzea eta ezartzea da, prebentzioaren, birziklapenaren eta berrerabilpenaren gainekoak, besteak beste. Astigarragako Udalak ekimenarekin bat egin du.

Astigarragako Udalak bi kanpaina antolatu ditu. Batetik, herritarrei zuzenduriko kanpaina, eta bestetik, Astigarragako Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutakoa.

Herritarrei bideratutako kanpainari dagokionez, erosketa ohituretan eragitea du helburutzat eta hondakinik sortu gabe erosketak egin daitezkeela ikusarazteko egin dute. Horretarako, herriko saltokietan erosketa jasangarriak ahalbidetuko dituzten produktuen loteak zozkatuko dira.

Bezero batek erosketa jasangarri bat egiten duenean, hau da, etxetik bere poltsa edota tupperra eramaten duenean eta bildukirik gabeko produktuak hautatzen dituenean, dendariak zozketa batean parte har-tzeko aukera emango dio.

Komertzio parte-hartzaileek kutxatxo bat jarriko dute mostradorean eta bertan jasoko dituzte bezeroek betetako txartelak (beren telefono eta izen-deiturekin). Astea bukatzerakoan txartel bat ausaz hautatu eta irabazleari deituko dio komertzioak berak saria jasotzeko. Establezimendu bakoitzak sari bat emango du: plastikorik gabeko eramateko produktuez osatutako lote txiki bat.

Bestalde, bigarren kanpainaren baitan, haurrek eskolan egiten dituzten hamaiketakoen ohituretan eragin nahi da eta ikusarazi plastikorik edota aluminiozko bilgarririk gabeko hamaiketakoak erabiliz, hondakin kantitate handiak saihestu daitezkeela.

Horretarako, LHko ikasleen artean hamaiketako jasangarriak ahalbidetuko dituzten argizarizko 660 oihal banatuko dira. Astigarragako Herri Eskolako LHko ikasleei udaleko hondakin hezitzaileak eta ingurumen teknikariak banatuko dizkiete argizarizko oihalak.

Banaketa egiterakoan, ikasgelan hondakinen hierarkia eta hauen prebentzioa lantzeko probestuko da, gaiaren inguruko ondorengo ildoak ikasleei labur azalduz: Zer da prebentzioa? Zer egingo zenukete zuen egunerokoan hondakinik ez sor-tzeko? eta Zergatik hondakinik ez sortu?

Lehen Hezkuntzako ikasleei argizarizko 660 oihal banatuko zaizkie hamaiketakoetan plastikoa eta aluminioa ez erabiltzeko