- 2021eko egutegia osatzeko argazki lehiaketa bat antolatu du Urnietako Udalak, azaleko irudia eta hilabete bakoitzerako erabiliko diren argazkiak aukeratzeko.

2021. urteko egutegiko gaia Urnieta izango da. "Urnietako txokorik maitatuenak ezagutarazi nahi dira, esanahi berezia dutenak edota zirrararen bat sorrarazten digutenak", adierazi dute Udaletik. "Egilearen emozioak, esperientziak, bizipenak, historia eta leku jakin horrekin daukan lotura afektiboa argazkiaren ardatz izango dira eta azken emaitzan islatuko dira", gaineratu dute.

Irudiak abenduaren 4ra bitarte aurkez daitezke Lekaio kultur etxean edo telematikoki Wetransfer bidez kultura@urnieta.eus helbidera eskaera inprimakia eta argazkiak bidaliz.

Egile bakoitzak gehienez bost argazki aurkez ditzake eta argazkiaren kokapen zehatza adierazi beharko da. Bakoitzak izenburu bat ere eraman behar du.

Oinarri guztiak zehaztuta eta inprimakiak urnieta.eus webgunean ikus daitezke.