- Abendutik aurrera, energiaren inguruko udal-bulegoa izango du Usurbilek. Energiaren inguruan hezkuntza lana egingo du, energiaren aurrezpen eta eraginkortasunaren garrantzia azpimarratuz, baita energia berriztagarrien inguruko zalantza eta aholkularitza eskainiz eta pobrezia energetiko egoeran egon daitezkeenei lagunduz ere.

Horrez gain, Udalaren energia kudeaketa hobetzea ere izango da aholkulariaren beste zereginetako bat, udaleko hirigintza eta zerbi-tzuetako sailekin harremanetan.

Aurreikuspenen arabera, zortzi hilabetez egongo da zabalik bulegoa, baina zerbitzuaren balorazioa ona bada, horrekin jarraitzeko aukera dago. Udalaren Artzabalgo lokalean izango du egoitza.

Herritarrei zuzendutako zerbi-tzuaz gain, energiaren alorrean Udalak egin beharreko zereginak ere bere gain hartuko ditu: udal-argiteriaren inbertsio plana diseinatu, udal-energia inbentarioa osatu eta jarraipen prozedura zehaztu, udal-eraikinen auditoretza energetikoak gauzatu eta inbertsio plana proposatu, energia berriztagarrien jarraipena egin eta sorkuntza aukeren bideragarritasuna egin, eta abar.

Bulegoa martxan jartzeko Usurbilgo Udalak teknikari berri bat kontratatu beharko du. Zortzi hilabeterako postua izango da oraingoz, lanaldi osoan, abendutik uztailera bitartean.

Usurbilgo Udalak aditzera eman duenez, COVID-19ak eragindako osasun krisiak atzetik dakarren krisi ekonomikoak gazteen lan-egoeran sor ditzakeen arazoak kontuan izanda, eta udal Gobernuak gazteen enplegua bultzatzeko duen konpromisoari eutsita, udal baliabideez gain (20.135,17 euro), Lanbidek emandako tokiko erakundeek gazteak kontratatzeko laguntzak (17.575 euro) baliatuko dituzte teknikari berri horren lanpostua sortzeko.

Hala, 30 urte baino gazteagoa izan beharko du teknikariak, enplegu eskatzaile gisa izena emanda egon beharko du Lanbiden. Formakun-tzari dagokionez, ingeniari titulua edo gradua izan beharko du, baita hirugarren hizkuntza eskakizuna edo EGA ere. Masterrak ere kontutan izango dira. Kontratua abiatu aurreko egunean Gazteen Bermerako Sisteman inskribatua egon beharko du.

Hautaketa prozesua Lanbideren webgunearen bitartez egin ahal izango da. Informazio gehiagorako, Udalera deitu dezakete interesa dutenek.