- Atzo Astigarragako Udalak jakitera eman zuenez, Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzua gazte zein helduei bideratuta dago, euren bizitza afektiboan eta sexualitate eremuetan topatzen dituzten erronkei aurre egiteko doako bidelaguntza formala jasotzeko. Aholkularitza gune profesional honek jakin-minari erantzutea eta genero estereotipoetan oinarritutako harreman sexualak gainditzea ere helburu ditu. Arremanitz taldea arduratuko da zerbitzu hau emateaz eta kultur etxe zaharrean kokatuko da. Hitzordua eskatzeko 656 544 606 telefonora deitu behar da.

Plax! osasun zentroaren zerbitzu osagarri gisa erabiliko da. Ezinbestean, lehen mailako medikuntza zein ginekologiako arretarekin lotura estua izango du.

Herritarrei zerbitzua ezagutzera emateko hainbat komunikazio estrategia jarriko dira martxan: kartelak, etxez etxeko informazio banaketa... Lehenengo ekintza atzo goizean, Arremanitz Kooperatibako Nerea Sancho Esnaolak, psikologo eta sexologoak, udal areto nagusian eskaini zituen informazio saioak izan ziren.

Gainera, Udaleko politikari, teknikari eta eragileek, sexu eta bikote aholkularitza zerbitzuaren ezaugarriak eta funtziomanedua lehen lerrotik ezagutu ahal izateko, informazio saioak antolatuko dira.

Zerbitzuak sail desberdinekin elkarlanean aritzeko bokazioa du: Gizarte Zerbitzuak (banakoak eta familiak), Gazteria (aisialdia, kirola, hezkuntza ezformala), Hirigintza (eraikinen eta herri-erabileren genero eta aniztasun ikuspegia) edota Berdintasuna eta Bizikidetza (emakumeak, gizonak, bikoteak, gurasoak...). Azpimarratu zutenez, aipatutako eremuetan lan egiten duten eragileekin lankidetzan aritzeak zerbitzuaren errentagarritasun soziala handitzen lagun dezake.

Aholkularitza profesional berri hau Garapen Jasangarrirako 2030 agendan kokatzen da, zehazki, genero berdintasuna lortzeko atalean.

"Sexu eta Ugal osasun eta eskubideen sarbide unibertsalari begira, sexualitate eremuan informazioa eta arreta jasotzeko eskubidea bermatu nahi da, Nazio Batuen 1995ko Beijingo Hitzarmenaren ondorioz jasotako txostenetan azpimarratu izan den beharrari erantzunez", gogora ekarri zuten.

Zerbitzua osasun zentroaren osagarri izango da eta udaleko sail desberdinekin elkarlanean arituko da