Hernaniko Udalak udazkenako kultur programazioaren berri eman zuen atzo. Jakinarazi dutenez, ekintzaz beterik iritsiko da udazkena Hernaniko Biteri kultur etxera. "Kultura eta osasuna, biak funtsezkoak direlako, biak uztartuko ditu udazkeneko egitarauak", esan zuen Koro Etxeberriak, Kultura zinegotziak, aste honetan egindako datozen hilabeteetako programazioaren aurkezpenean. Horrela, pandemiaren etengabeko gaiari ihesbideak proposa-tzen ditu Kultur sailak: literatura, antzerkia, arte plastikoak, dantza, bertsoak, kabareta eta musika.

Nagore Irastortza Kultura teknikariak eman zuen antzerkia, musika eta beste arte plastikoen egitarauaren berri: "Askotariko jarduerak izango ditugu, ohi bezala haur eta helduentzat. Azpimarratzekoa da Nahastekak atalean sartu dugun Loreak eta zauriak, estreinaldia izango da. Xabier Lete omentzea helburu duen emanaldia da, eta hainbat diziplina uztartuko ditu".

Musikari dagokionez, Katapulta plataformaren zirkuituan parte hartuko du lehen aldiz Hernanik, euskal sortzaileak bultzatuz. "Aurten, Idoia Asurmendi eta Beste Urtaroak bi taldeen emanaldiak izango ditugu. Asurmendik poesia eta proiekzioak uztartuko ditu bere saioan, eta Beste Urtaroak taldeak, berriz, beste herrialdeetako musikak ekarriko dizkigu", azaldu zuen Irastortzak.

Haur antzerkiari dagokionez, bost saio izango dira eta helduentzako antzerkian, ohi bezala, hiru eguneko antzerki zikloa izango da azaroan. Zinea ere itzuliko da urrian.

Literaturari dagokionez, "Hitz-andana berreskuratu dugu, laburragoa bada ere. Ekitaldi gutxiago izango ditugu aurten, baina, beti bezala, kalitateari eutsiko diogu", adierazi zuen Rakel Gonzalezek, liburutegiko arduradunak. "Literatur saioak, mintegiak eta abarrak ere izango ditugu; ohiko erritmoa berreskura-tzen ari garen seinale", esan zuen.

Kultura zinegotziak ohartarazi zuenez, "kulturaz gozatzeko kalitatezko eskaintza osatu dugu, baina osasuna zaintzeko baldintza guztiak beteko ditugu". Hartara, aretoaren edukiera %60ra murriztu da, aurretik sarrera eskuratu beharko da eta sarrera zenbakituak egongo dira, ilarak saihesteko helburuz.

Egitarau osoa, hernani.eus webgunean kontsulta daiteke.