- Azkeneko urteetan bezala, egitaraua bihar herriko tabernetan burutuko den sagarraren eratorriekin egindako pintxo-pote bereziarekin hasiko da Astigarragako X. Sagar Uzta Aldiz, asteburuan Astigarragako Foru plazan ospatu ohi den sagarraren azoka ez da egingo eta horren ordez, larunbatean eta igandean, herriko familien partaidetzarekin sagar muztioaren elaborazio tailerrak Sagardoetxean egingo dira, talde txiki eta txanda ezberdinetan antolatuta eta Goldea Herri Kirol Elkartearen laguntzarekin, aldez aurretik izena emanda.

Sagar muztioa egiteko jarduerak goizean izango dira, 10.30ean hasita, eta familia bakoitzak ordubete izango du muztioa lortzeko. Honako lanak egin beharko dituzte: sagar biltzea, zakutan sartzea, leran garraiatzea, sagarrak pisoiekin jo-tzea eta matxakatik pasa ondoren, prentsatzea. Plaza mugatuak izango dira eta talde bakoitzean gehienez hamar pertsona onartuko dira. Izen-emateen arabera, talde eta txanda ezberdinak antolatuko dira.

Igandean, sagar muztioaren elaborazio lanak familian egiteaz gain, helduentzako kirikoketa jotzen ikasteko tailerra eta sagardo sagarren kata ere izango dira Sagardoetxean, Josu Osa adituaren eskutik. Barietate ezberdinetako sagarrak dastatuko dira: garratzak, mikatzak eta gozoak.

Aipaturiko jarduera hauek doan izango dira, baina plazak mugatuak izango dira eta beraz, sagar muztioaren elaborazio lanetan, kirikoketa tailerrean eta sagar katan parte hartu nahi duten herritarrek, aurrez izena eman beharko dute www.sagardoarenlurraldea.eus webgunean.

Muztioa egiteko ekintzari dagokionez, jarduera familian ondo pasa-tzeko da eta haurrek gurasoen laguntzarekin gauzatu beharko dituzte lanak. Jardueran parte har-tzen duten haurren adina zazpi urtetik gorakoa izatea eskatzen da. Ekintza honetan izena emateko azken eguna bihar izango da.

Kirikoketa tailerrean eta sagar katan inskripzioa egiteko azken eguna, ordea, larunbata izango da. Kirikoketa tailerra 10.30etik 12.30era burutuko da eta talde bakoitzak 30 minutuko azalpenak jasoko ditu. Kata, aldiz, 12.00etan hasiko da eta 45 minutu iraungo ditu. Bi ekintza hauek helduentzat bakarrik izango dira.

COVID-19a dela eta, antolatzaileek gogorazi dute ekintzak segurtasun eta babes neurri guztiak errespetatuta gauzatuko direla. Honenbestez, derrigorrezkoa izango da jarduera guztian zehar musukoa erabiltzea eta distantziak mantentzea.