Kale Giroan ekitaldi kulturala sortu du Andoaingo Udalak uda honetarako eta lehenengo ekitaldia gaur izango da. Trapu Zaharra taldearen Turistreatzen komediazko antzerkia izango da Ondarreta ikastetxeko patioan, 19.30ean.

Txitxu Ruiz Kultura ziengotziak azaldu moduan, "COVID-19ak baldintzatutako udara izango da eta programazioak kalean modu irekian egin beharrean baldintzatuta emango da aurrera, aforoa neurtu ahal izateko, eta osasun neurriak berme guztiekin bete ahal izateko".

Modu honetan, ekitaldiak kalean edo herriko plaza irekietan egin beharrean, Ondarreta ikastetxeko patioan egingo dira, 180-250 pertsona bitarteko aforo mugatuarekin. Musika emanaldien kasuan 250era mugatu dute aforoa eta gainerakoetan, 180era.

Emanaldi guztiak doakoak izango dira, dena den, ezinbestekoa izango da aurrez gonbidapen txartela eskuratzea. Ekitaldia hasi baino bi ordu lehenago Basteroko leihatilan eskuragarri egongo dira eta interesa dutenek bertara gerturatu beharko dute. Ate irekiera emanaldia hasi baino 30 minutu lehenago egingo da, publikoa modu ordenatuan kudeatu ahal izateko.

Ruizen hitzetan, "programazio anitza osatu da, publiko guztien-tzako: musika emanaldiak, dantza edo antzerkia jasotzen direlarik". Aipamen berezia egin nahi da, publikoak segurtasun neurriak zorrotz bete ditzan: ezinbestekoa izango da norbera bere eserlekuan eseri aurretik eta ondoren maskara erabiltzea.

Datozen egunetan andoaindarrek etxeetan jasoko dute programazio osoa. Lehenengo ekitaldia gaur izango da, Trapu Zaharrak taldearen Turistreatzen komediazko antzerkia. Kultura zinegotziak aurreratu egin du, zuzentzen duen sailak elkarbanatu nahi duen mezu bikoitza: "Zaindu osasuna, zaindu kultura" andoaindarrei osasuna zainduz kulturaz gozatzeko animatzen zaielarik.

Uztaileko egitarauari dagokionez, 18an Errimak bi oinetan dantza ikuskizuna iragarri dute (19.30); hilaren 19an Crusoe familientzat emanaldia izango da (18.30); eta hilaren 24an Xabi Bandik kontzertua eskainiko du (22.30).