- Gaur hasiko dira Usurbilgo Kalezar auzoan Matiaren zaintzadun etxebizitzen auzunea eraikitzeko lanak. Luze joko dute lanek: aurreikuspenen arabera, bi urte beharko baitituzte guztia egiteko. Kamioien joan-etorria handituko du horrek, baina Troiako aldapatik ibiliko dira, Kalezarren erdigunera edo herrigunera sartu gabe.

Auzoan burutzen ari diren beste lan bat Puntapaxko zubitik haur eskolara arteko bidearen obrak dira, baina horiek ere amaitzear dira. Datorren astean asfaltatuko dute bidea eta trafikora irekiko dute. Lehen bezala funtzionatuko du, behin-behineko semaforoekin.