Usurbilgo Udalak eta Hurbilago merkatari eta ostalari elkarteak elkarlanean Gertu@go plataforma sortu dute. "Osasun krisiak argi erakutsi du, batetik, erosketa seguruak egiteko giltza gertuko merkataritza dela, eta, bestetik, merkataritza eta zerbitzuak ixteak herria bizitzarik gabe uzten duela", aditzera eman zuen aurkezpenean Agurtzane Solaberrieta alkateak.

Abian jarri den lehenengo ekimena herriko merkataritza suspertzeko eta kontsumoa berpizteko bonu sistema bat da. Dagoeneko txartelak sortu berri den gertuago.eus webgunean eskuratu daitezke.

Herritarrek webgunean erregistratu beharko dute, bonuak erosi ahal izateko. Hori eginda, hiru bonu mota eskuratu ahal izango dituzte, establezimendu bakoitzean egitea aurreikusten duten gastuaren arabera aukeratzeko: 20, 50 eta 100 eurokoak. Hauen %20 Udalak ordainduko du. Adibidez, inork 20 euroko bonua erosten badu, 16 euro ordainduko ditu, gainerako lau euroak Udalak, eta diru-sarrera osorik iritsiko zaie merkatariei. Proposamenak harrera ona izan du merkatarien artean, eta, oraingoz, 30 dira webgunean parte hartzera animatu direnak.

Gertu@goren webgunea bonuak erraz eskuratzeko diseinatua izan da. Webgunearen azalean bertan topatuko ditu erabiltzaileak parte hartzera animatu diren herriko merkatari eta establezimenduak: erosketa egin nahi duen lokalaren argazkian klikatu, eta hortxe aukeratuko du herritarrak zer kopurutako bonua erosi nahi duen, egin nahi duen gastuaren arabera. Erabiltzaileak webgunean sartu orduko denda, zerbitzu pertsonal eta negozioetako jabe eta profesionalen aurpegiak ikusiko ditu, zerbitzu bat emateaz gain, negozio horien atzean pertsonak daudela ikusarazteko.

Lehenengo fasean, itxita egon diren establezimenduei laguntzeko modua emango du webguneak, baina egoera bere onera itzultzen denean martxan jarraitzeko bokazioarekin sortu dute. Izan ere, Udalak sortu arren, merkatarien esku geldituko da plataforma, eurek kudeatuko dute, eta nahi duen orok izango du bertan parte hartzeko aukera.

Izatez, lehenengo bonuen merkaturatzea soilik itxita egon diren merkatari eta zerbitzuei begira egina izan da, baina ez da baztertzen bigarren merkaturatze bat egitea, eta, beraz, bigarren ekinaldi horretan merkatari eta zerbitzu gehiagok parte hartzea.