- ETS Euskal Trenbide Sareak 2010an Usurbilgo geltokia berritzeko idatzitako proiektua berridazteko kontratazioa jarri du martxan. Geltokia berritzea herriaren aspaldiko eskaera da, eta, azkenean, martxan jartzeko tramiteak hasi ditu ETSk. Lehiaketa irabazten duen enpresak, gehienez, hamar hilabeteko epea izango du proiektua aurkezteko.

Baina Udaletik argitu dutenez, prozesua luzea izango da: proiektua berridatzi ostean, hori gauzatzeko esleipena abiatu beharko dute, eta, ondoren, lanak hasi. Proiektu eguneratuak, gainera, Atallura joateko lotura segurua eta igogailua ere barne hartuko ditu. Baina, dena dela "prozesua abiatuta, hori hala izatetik pauso bat hurbilago dago Usurbilgo tren geltokia", esan dute.

Udaletik gogora ekarri dutenez, hainbatetan eskatu izan zaio ETSri geltokia berritzeko, besteak beste, trenbide gaineko bi pasabide arriskutsuak kentze aldera: Atallura joateko bat eta Zumaiarako norabideko nasara igarotzeko bestea. "Hainbat Udal Gobernuren eskaera izan da: zor historikoa du ETSk Usurbilekin. Urteak joan eta urteak etorri, Usurbilera ez da deus iritsi, eta, aldiz, aldameneko herrietan inbertsio handiak egin dituzte", nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak.

Agintariak azaldu duenez, hainbat bilera egin dituzte legealdi honetan berak eta planeamendu arduradunak ETSko zuzendaritzarekin, puntu arriskutsuak ezabatzeko helburuarekin. Norabide onean egindako urratsa dela nabarmendu du Solaberrietak: "Azken bileran adierazitakoa bete egin dute, eta, zentzu horretan, poztekoa da, hitza bete-tzen ari dira. Espero dugu hau lehenengo urratsa izatea, eta behin betikoz proiektua gauzatzea, besteetan ez bezala, ez dadin kaxoi batean sartuta gelditu".