- Usurbilgo Udalak adierazi duenez, lehengo astetik eta pixkanaka, koronabirusak geldiarazitako obra zibil guztiak martxan jartzen ari dira. Esaterako, Murkaiku eta Pikaola arteko bidegorria amaitzear zen, lanak gerarazi zituztenean Aste Santua baino lehen. Lanegun bat baino ez zitzaien falta, eta eremu ez esentzialetako langileak bueltatu direnez, amaitu dute dagoeneko. Zumarte musika eskolako lanak ere martxan daude.

Aginagan eta Zubietan ere obra bana zegoen martxan, eta biak atzera jarri dituzte martxan: erriberakoa eta Learritze bidea, hurrenez hurren.

Azkenik, Kalezarko erdigunean, Pelaioenearen estalkiaren obrak apirilaren 1ean hastekoak ziren: orduan ezin zuten egin, baina aste honetan hasi dira lanean. Auzo honetan lanek trafiko aldaketak ekarriko dituzte, Kalezarrera joateko bidea itxita egongo baita, hilabetez. Horregatik, Puntapax zubitik haur eskolara arteko bidea egokituko du Sasoi Eraikuntzak enpresak. Horrela, Troiako aldapatik eta Belmonte kaletik bideratuko da trafikoa, bi norabideetan. Bandoa jarri dute.