oronabirusaren hedapena murrizteko deituriko alarma egoeraren luzapenak eta herritarren osasun publikoa eta segurtasuna bermatu beharrak ezinezkoa egiten dute maiatzerako aurreikusita zeuden festa eta ospakizun publikoak osasun berme egokiekin gauzatu ahal izatea.

Horiek horrela, Santa Krutz erromeria, San Isidro egunaren ospakizuna eta Gazte Festak bertan behera uztea erabaki du Urnietako Udalak. Era berean, Antia literatura lehiaketak aurrera jarraitzen duen arren, ez du izango sari ekitaldi bat bere horretan aurreko edizioetan bezala.

Erabaki hauek hartzearekin bat, Udalak eskerrak eman nahi dizkie Jai Batzordea osatzen duten kide guztiei festa horietako ekintzak prestatzen burutu duten lan guztiarengatik: "Egoera hau denon artean gainditzen dugunean izango dugu berriro elkartzeko eta jaiak aurrera eramateko aukera, baina orain, lehentasuna beste bat da".

Bestalde, Urnietako Gazteria sailak Desmotibazioari tokirikez izeneneko bideoa prestatu du, "etxean egon behar dugun garai honetan utzikeria saihesteko eta eguna litxarkeriak jaten edo pantailen aurrean igaro beharrean, irakurtzera, marraztera, meditatzera, instrumenturen bat jotzera, abestera, dantza-tzera, idaztera edo kozinatzera animatuz", adierazi dute. Bideoa Urnietako Udalaren webgunean ikus daiteke.

Urnietako egoera berdinean aurki-tzen da Andoain, osasun alerta oraindik ez da altxatu eta beraz, "segurtasun arauak eta gomendioak bete ahal izateak ezinezko egiten du epe motzean aurreikusita ziren festa eta ospakizun publikoak osasun berme guztiekin burutu ahal izatea", azpimarratu dute Andoaingo Udaletik.

Beraz, bertan behera geratzen dira 2020ko maiatzerako antolatuta ziren Andoaingo festa eta ospakizun publiko guztiak. Honenbestez, Santakrutzik eta Buruntzako jairik ez da egingo.

Kultura sailak erabakiaren berri eman die Jai Batzordeetako kideei. "Ziur gara egoerari guztion artean ahalik eta lasterren buelta emango diogula", animatu dute.

Gainera kolokan daude, ekainean antolatzen diren San Joan eta San Pedro jaiak ere. Honenbestez, bart Lasarte-Oriako bizilagunek deialdi bat zabaldu zuten sare sozialen bidez bere balkoietan herriko festak ospatzeko.

Lasarte-Oriako Udaletik jakitera eman dutenez, oraindik ez dute erabakirik hartu San Pedro jaien inguruan, nahiz eta onartu zaila ikusten dutela ospatu ahal izatea. Bi astetan erabakia hartuko dutela esan dute.

Hernanin ere, oraindik ez da erabakirik hartu. Gainera, alerta ostean sanjoanetako kartela aukeratzeko lehiaketa martxan jarri zuen.

Lasarte-Oriako bizilagunek bart bere balkoietan sanpedroak ospatzeko deia zabaldu zuten sare sozialen bitartez