- Azkeneko egunetako txakurren jabeen, Udaltzaingo eta zenbait bizilagunen arteko liskarrak eta gora-beherak saihesteko, atzo Astigarragako Udalak dekretu berri bat onartu zuen. Hemendik aurrera txakurren jabeek hiru paseo eman ahalko dituzte egunero, bakoitza gehienez hamabost minututakoa.

Txakur jabeen talde batek egunkari honi azaldu zionez, astelehen gauean Alkatetzatik posta elektroniko bat jaso zuten esanez, egunean gehienez txakurra bi aldiz atera zezaketela. Baina, atzoko dektretuak paseo kopurua hirura zabaldu zuen.

Dekretuak jasotzen dituen neurrien artean, paseoaren iraupena animaliaren behar fisiologikoak egiteko beharrezkoa den denbora soilik izango da, gehienez hamabost minututakoa. Paseo hori egingo da txakur jabearen etxebizitzaren inguruetan.

Txakurrak lotuta ibiliko dira beti eta ez dute inolako kontakturik izango elkarrekin ezta beste pertsonekin ere. Beraz, jende gutxi dabilen uneetan atera behar da kalera txakurrarekin.

Aiotzategi, Kontxa Etxeberria eta Urumea kaleko bizilagunek ibai parkean horretarako zehaztu den eremua erabili ahal izango dute. "Eremua zehaztu da bazterreko eremuak kontrolatzea zaila delako eta orain arte arau-hausteak bazterreko eremuetan egin direlako", adierazi dute Udaletik. Baina jabeek parkea atzo arratsaldean oraindik itxita zegoela salatu zuten.

Azkenik, garbikaria duen ur botila eraman behar da, txakurrak txiza egin ondoren ingurua garbi-tzeko, asfaltoa bada, eta gorotzak ere jaso beharko dira.