Usurbil - Pediatra berria dago Usurbilgo osasun etxean, baina langile berriak ez daki euskaraz hitz egiten. Egoera bideratzeko, Usurbilgo Udala lanean ari da eta dagoeneko Osakidetzarekin eta UEMArekin (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) harremanetan jarri da. Salaketa bana ere jarri du Udalak Behatokian eta Elebiden.

Udaletxetik aditzera eman dutenez, aldaketa gertatuko zela jakin bezain pronto idatzi zion Udalak Osakidetzari, bi eskaera egiteko: batetik, orain arte pediatrian aritu den langilea bertan geldi zedin, eta, bestetik, hori egiterik ez balego, langile berria euskalduna izan zedin eskatzeko.

Oposizioak gaindituta, esleipen prozesuan aurreko pediatrak ezin izan zuen Usurbilgo postua hartu, Osakidetzak ez baitzuen eskaini. Osasun etxera iritsi berri den langilearen egoera zein den argitu nahian dabil Udala; behin-behinean jarri duten ala ez.

Udaletxetik adierazi dutenez, “Usurbil UEMAko kide da. Euskara da nagusi herrian, eta osasun etxean ere euskaraz hitz egin ahal izatea berma dadin nahi dugu”. Kasu honetan, gainera, herriko haurrak artatuko dituen langilearen postua da aldatu dena. “Pediatra euskalduna izatea ezinbesteko baldintza da guretzat eta euskaraz bizi nahi duen herri batentzat”, nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak, Osakidetzari igorritako ida-tzian. “Aldaketa horrek bereziki kezkatzen gaitu, etor daitekeen langilearen profesionaltasuna zalan-tzan jarri gabe, gaur egungo pediatrak dagoeneko herriko umeak eta errealitatea ezagutzen dituelako”, azpimarratu du.