Lasarte-Oria - Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren zehaztasunak azaldu ziren joan den astean aurkezpen publiko batean, Lasarte-Oriako Antonio Mercero gunean. Bertan, Euskara batzordeko lehendakaria den Jon Antxordokik gogorazi zuenez, Badihardugu elkarteak proiektu honetan parte hartzeko Lasarte-Oriako Udalari luzatutako proposamena onartu zuen Udalak eta horrela Lasarte-Oriako kultura, historia, etnografia eta hizkuntzaren bilketa, kontserbazio eta hedapenean urrats handi bat eman da.

Egindako lanarekin, XX. mendeko bizimodu tradizionala Interneteko datu-base digitalean gordeta geratzeaz gain, Lasarte-Oriako ahozko artxiboa ere antolatuta geratu da, hurrengo belaunaldientzat eskuragarri eta gozagarri.

Elkarrizketatuak 23 pertsona izan dira. Guztira, 738 pasarte daude ikusgai eta entzungai guztiak biltzeko atondu den web-orrian (https://ahotsak.eus/lasarte-oria/).

Hamar elkarrizketa 2010. urtean egin zituzten Ainhoa Ansak eta Miren Artetxek. Zehazki, Modesto Erauskin, Martina Iturrioz, Gabriel Nogués, Manuel Ormazabal, Bixente Sasiain, Pako Sorrondegi, Andoni Unanue, Mª Jesús Urkiola, Gabriel Urruzola, Valentina Yeregui, Fortunata Zuaznabar eta Patxi Etxeberriarekin bildu ziren.

Iaz, berriz, Irati Lizeagak egin zizkien elkarrizketak hamahiru pertsona hauei: Mertxe Altuna, Luisa Arsuaga, Juantxo Arteaga, Maritxu Beraetxe, Txomin Erauskin, Xebastian Kerejeta, Eulalia Ollokiegi, Rafael Ollokiegi, Inaxio Otaegi, Mikaela Sasiain, Iñaki Urruzola eta Ixabel Zuaznabar.

Antxordokik parte-hartzaile guztiei eskerrak eman zizkien eta elkarrizketatuak garai gogorrak pasa zituztela euskaraz hitz egiteagatik, zigorrak eta mespretxua jaso zutelako gogora ekarri zuen. - A.M.