Hernani - Herriko merkataritza biziberritzeko ekintza planaren barruan, formakuntza saio ba-tzuk antolatu ditu Hernaniko Udalak, Berriak merkatarien elkartearekin elkarlanean. Atzo egin zuten aurkezpena Patxi Ibarguren Merkataritza Arloko zinegotziak, Gurutze Amigorena Arlo horretako teknikariak, eta Berriak elkarteko Marta Zulaikak.

Bi bloketan banatuta dago formakuntza: batetik, komunikazio estrategikoa eta teknologia berrien erabilera, bestetik, negozioen espazioa eta pertsonen arteko harremanak.

Guztira sei saio antolatu dira. Lehen blokeak hiru saio ditu: komunikazio estrategikoa, argazkiak editatzeko aplikazioa mugikorrean eta kafe tertulia. Bigarren blokeak ere beste hainbeste: neure negozioaren jabe, ordena eta antolakuntza merkataritza txikian eta kafe tertulia.

Saio bakoitzean 15 pertsonak har dezakete parte eta izen-ematea irekita dago. Udaleko turismo eta merkataritza sailean (Biteri) eta Berriak elkartearen egoitzan egin daiteke. Datorren asteartean, otsailaren 18an, izango da lehen saioa eta martxoaren 24ra bitartean egongo dira ikastaroak Iturola egoitzan.

"Saio hauekin merkatariek adierazitako beharrak asetu nahi ditugu", azaldu zuen Ibargurenek. Horretaz gain, "negozioa bultzatzeko komunikazio estrategiak ezagutzea eta teknologia tresna berrien ezagutza bultza-tzea, baita merkatarien eta ostalarien arteko sarea indartzea ere", gaineratu zuen. - A.M.