Landarbaso ibaiaren ibilguaren 360 metroko zati batean hamaika presa txiki kentzeko lanean ari da URA, Uraren Euskal Agentzia. Izen bereko zubitik behera, Astigarraga eta Donostia udalerrietan, Astigarraga eta Errenteria lotzen dituen errepidetik gertu, ingurune menditsu eta landaredi ugariko batean. Jardunak 52.000 euroko inbertsioa beharko du, eta sei asteko egikaritzea.

Gaur egun hamaika ur-jauzi artifizial horien eraginpean dagoen zatia lehengoratzean datza jarduketa, ibai-ibilguan fauna aske mugitzea eragozten dutenak.

Era berean, ibilguaren eta ibaier-tzen arteko faunaren joan-etorri askea eragozten duten ertzei eusteko hormak ere eraitsiko dira. Hau da, hamaika ur-jauzi artifizial, eusteko hormak eta ibaira sartzeko eskailerak dira kendu beharrekoak.

URA agentziatik jakinarazi dutenez, eskailera horiek 70eko hamarkadan eraiki ziren, inguruan proiektatutako urbanizazio batetik ibairako sarbidea errazteko, baina azkenean ez zen eraiki.

Proiektuaren arduradunek xehatu dutenez, ur-jauzi edo presa txiki ba-tzuk erabat kenduko dira, eta beste batzuk partzialki eraitsi beharko dira, berriz ere uretako faunaren joan etorria errazteko. Eraitsi beharreko presa txikiek indusketa-maila desberdinak beharko dituzte, kokalekuaren eta ibaiaren maldaren arabera.

Eraispen horiek egiteko, atagiak eraiki beharko dira (alegia, ibaiaren fluxua aldi baterako bideratzeak) ibaiaren emaria alboko hodi baten bidez desbideratzeko, makineria sartu ahal izateko eta presa txiki bakoi-tzean lanak egiteko. Era berean, ubidera jaisteko bi sarbide (eusteko hormak eta eskailerak) kendu beharko dituzte.

Tartearen eskuinaldeko ibaiertzaren zati handi bat euste-horma batek estaltzen du. Horma horren altuera, hasieran metro batekoa da, eta Landarbaso zubiaren inguruan hiru metrora iristen da. Horma horren zati bat ere eraitsiko da.

Horrez gain, ibai-ohea estaltzen duen plataforma bat eta hamahiru metroko luzerako horma bat eraistea planteatzen da, ezkerraldean, Landarbaso zubiaren ondoan. Arduradunen aburuz, horri esker, eremua modu garrantzitsuan lehengoratuko da eta ibaiertz natural bat sortuko da; hartara, ibilguaren eta hurbileko lurraldearen arteko lotura berreskuratuko da espezieentzat.

Era berean, ibilguaren gaineko pasabide-egitura zahar bat eraitsi eta erauziko da: ibilgua airetik igarotzen duen hormigoizko kanalizazio zahar bat ere, baita eusteko baliatzen diren hormak ere. Ibaia lehengoratzeko jarduera horrek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) finantzaketa jasoko du.