Usurbil - Uztailaren 17rako amaituta egon behar duteZumarte eraikinaren birgaitze eta handitze lanak, bestela Moyuak, obra egiten ari den enpresak, kalte-ordainak eman beharko dizkio Usurbilgo Udalari. Akordio honetara iritsi ziren Udala eta kontratista, baina erabakia irmoa izateko Osoko Bilkuraren adostasuna behar zuen. Hau azkeneko Udalbatzarrean lortu zen EH Bildu eta PSE-EEren aldeko bozkekin eta EAJren aurkako jarrerarekin.

"Zumarteko obrak joan-etorri asko izan ditu: hasieratik bide malkar-tsua izan du obrak, gora-behera eta zailtasun handiekin", adierazi zuen Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak Osoko Bilkuran. Izan ere, lanak abuzturako bukatuta egon behar ziren.

Lanekin lotutako mugarri nagusiak aipatu zituen Solaberrietak, gaiaren errepaso orokor bat egiteko: 2018ko martxoaren 5eko ezohiko bilkuran abiatu zen obra kontratua esleitzeko prozedura: Moyuari esleitu zitzaion, 1,6 milioi pasatxogatik (BEZa kontuan hartu gabe). "Obra konplexua zen, eta, horren ondorioz, gora-beherak sortu ziren", azpimarratu zuen alkateak. Hala, 2019ko maiatzean gaia berriz eraman zuten osoko bilkurara. "Lanean hasi eta gutxira sortu ziren obra unitate berriak, eta horiei aurre egiteko prezio gehigarriak eta epea luzatzea eskatu zituen Moyuak. Hala onartu zitzaion uztaileko plenoan, baina Moyuak berak alegazioa aurkeztu zion esanez jadanik urtebeteko atzerapena zutela obrek, eta horrek enpresari hainbat kalte eragin zizkiola, eta ez zuela baztertzen Udalari kalte-ordainak eskatzeko aukera", azaldu zuen alkateak.

Alkateak jakinarazi zuenez, urtarrilean kuantifikatu zituen Moyuak kalte-ordain horiek. "Dena den, garbi daukagu obraren atzerapen honetan erantzulea ez dela Udala; eran-tzukizun konpartitua izango da ziur aski, baina Udala ez da ardura osoaren erantzule", nabarmendu zuen.

"Impasse egoera batean hartu genuen gaia Udalera iritsi ginenean, kasik epaitegietako bidean, gertatutakoen errelato muturrekoak baitzituzten obra zuzendaritzak eta Moyuak", gaineratu zuen.

Alkatearen esanetan, obra sine die atzeratzea ekarriko zuen epaitegietako bidea hartzeak, eta, horregatik, negoziazioari heltzea hobetsi zuten.

Akordio horrek hiru gai lotu behar zituela adostu zuten: obra amaitzeko eguna zehaztea, elkarri kalte-ordainak eskatzeko aukerari muzin egitea, eta prezio itxi bat adostea prezio unitate berriei zegokienez.

EAJk, bere aldetik, Zumarterekin gertatu dena "kudeaketa txarraren" adibide dela esan zuen.

Zumartek musika eskola eta Orbeldi dantza taldearen instalazioak jasoko ditu.