Lasarte-oria - Aurten ere, Buruntzaldeko Udalek Apelliduak abizendu kanpaina jarri dute martxan, gaztelaniaz idazten ditugun abizen askok badute euskarazko ordaina. Gero eta herritar gehiagok dute bere abizenaren ordaina euskaraz. Adibidez, 2018ko kopurua bikoiztu egin da 2019an Lasarte-Orian.

Badira urte batzuk Buruntzaldeko Udalek, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilek, tokian tokiko Bake Epaitegiekin lankidetzan ari direla ekimen hau bultzatzeko eta dozenaka herritarrek utzi diote urteotan García, Arregui, Gil, Gurruchaga, González izateari Gartzia, Arregi, Xil, Gurrutxaga eta Gontzalitz izateko.

Abizenak euskalduntzeko, hiru agiri eskuratu behar dira: errolda-agiria, udaletxean bertan eskatu behar dena; jaiotagiri ofiziala, jaioterriko Bake Epaitegian eskuratu behar dena (Donostian erregistratuta daudenak, Donostiako Erregistro Zibilera joan behar dute, Kalkutako Teresa plaza z/g 943 000 730) eta NANaren fotokopia. Ezkonduek edo seme-alabak dituztenek familia-liburua ere eraman behar dute.

Agiri horiek herriko Bake Epaitegira eramatea nahikoa da, eta horrekin han bertan egingo dute abizenaren aldaketa. "Oso tramite sinplea da egin beharrekoa", adierazi dute Buruntzaldeko Udalek.

Zalantzaren bat izan edo argibide gehiago nahi izanez gero, herriko Bake Epaitegira deitu behar da. Hauek dira telefono zenbakiak: Andoain, 943 300 820; Astigarraga, 943 335 236; Hernani, 943 552 836; Lasarte-Oria, 943 371 629; Urnieta, 943 008 345; eta Usurbil, 943 372 336. - A.M.