ERRENTERIA - Pasa den urrian egindako herrigaldeketan, datorren inauteria jostailu eta jolasek jantziko dutela erabaki zuten herritarrek eta, horixe izango da, lehiaketan parte hartu nahi dutenek ardatz hartu beharko duten gaia.

Parte hartzeko, nahikoa da, Zu! Zure Udala zerbitzuan eskaera egitea otsailaren 7a baino lehen. Eskaera Orokorra (inprimaki normalizatua) aurkeztuko da. Honako datu hauek eskatuko dira: eskatzailearen datuak, izena eta tabernaren helbidea. Informazio edo argibideetarako, Kultura azpisailera (telefonoa: 943 449 634) dei dezakete interesdunek, 8.00etatik 14.00etara.

Lehiaketaren oinarrien arabera, lokalak atonduta egon beharko du, gutxienez, otsailaren 20an, arratsaldeko 19.00etarako eta ez da hizkera sexistarik erabiliko, ezta emakumeen diskriminazioa edo estereotipo sexistarik erakusten duen irudirik ere. Epaimahaiak tabernak ostiralean, otsailaren 21ean, bisitatuko ditu.

Aditu talde batek aukeratuko du taberna irabazlea, ondorengo irizpideen arabera: gaiaren lanketa, originaltasuna, elementu ezberdinen diseinua eta tabernaren girotze lana.

Epaimahaiak saria hutsik utzi ahal izango du, baldin eta aurkeztutako tabernek bere iritziz, behar adinako lanketarik ez badute.

Sari moduan, irabazleari, 2021 urteko inauterietan, bere taberna mozorrotzeko materiala erosten laguntzeko 500 euro eskainiko zaizkio. Beraz, taberna irabazleak konpromisoa hartuko du 2021eko inauterietan taberna mozorrotzeko.

Bestalde, irabazlea aukeratzeaz gain, epaimahaiak aipamen berezia eman ahal izango du. Kasu honetan tabernak 250 euroko saria jasoko du.

Sarituei telefonoz adieraziko zaie emaitza. Eta berria, ohi denez, komunikabideetan eta Herri Bizia udal komunikabidearen webgunean (herribizia.errenteria.eus) argitaratuko da.