LASARTE-ORIA - Erakusketa berezia da. Hemen beharrezkoa da mugikorra eramatea. QR kodigoen bitartez Jokin Goenagak konposatutako edo moldatutako piezak entzun daitezke. Aurikularrak ere eraman behar dira, beste bisitari-entzuleak ez molestatzeko.

Zer ikus dezakegu erakusketa honetan?

-Erakusketa honetan ikus dezakegu nik urte askotan egindako musika. Musika hori QR kodigoen bitartez entzun daiteke. Erakusketa bederatzi ataletan banatuta dago: pianoa, akordeoia, Lasarteko kantak, akordeoi hastapenerako kantak, soka instrumentuetarako, ganbera taldeetarako, musika elektronikoa, beste kanta batzuen moldaketak eta erritmo kaxa desberdinekin egindako programazioak. Denak dira nire kantak, moldaketak eta programazioak ezik, baina hor QR kodigoen bitartez ikus daitekeen bideoa eta partiturak nik egin ditut ere. Kanta guzti horiek Jokin Goenaga izeneko Youtube kanalean ikus daitezke. Niretzat ez dira inportanteak bideoa edo QR kodigoak, horiek orduak sartuta egin daitezke, baizik eta bertan entzuten den musika. Azkeneko honi ematen diot nik garrantzia, musika ia gehiena nik zerotik sortu dudalako. Oso musika desberdina entzun daiteke erakusketa honetan.

Erakusketa berritzaile bat da, teknologia berrietaz baliatzen dena.

-Bai, erakusketa musikala da. Hemen kanta bakoitzak Youtuben bideo bat dauka eta horrekin QR kodigo bat egin dut. Nik horrelako formatoa duen erakusketarik ez dut ikusi. Inork ez dit esan antzeko erakusketa bat beste leku batean ikusi duenik.

Noiz hasi zinen musika munduan?

-Ni txikitatik hasi nintzen akordeoia jotzen, akordeoiko karrera egin nuen, baina ogibidez beste lan bat daukat. Orain musika hobby bat da, baina hobby serio bat.

Eta konposatzen?

-Duela 18 urte hasi nintzen konposatzen. Nik akordeoiarekin jotzen nituen betiko kantak eta beste egile batzuen kantak, baina behin hasi nintzen nire errepertorio propioa egiten eta orduan sortu nuen I love the new accordion kuadernoa, 20 jatorrizko kantuz osatutako koadernoa. Musika sortzea gustatu zitzaidan eta jarraitu egin nuen. Pixkanaka joan nintzen gauzak egiten eta guzti hau erakutsi nahi nuen. Hemen nire kanta gehien-gehienak daude, bakarren bat gelditu da kanpoan. Laminetan 107 daude eta QR bakoitzean bat, bi edo hiru kanta egon daitezke, doinu horren bertsio desberdinak daudelako.

Aipatu duzunez, Lasarte-Oriarako kantak ere egin dituzu.

-Bai, sei daude. Adibidez, Lasarteko martxa duela hiru urte egindakoa eta urtero danborradak jotzen du herriko jaietan. Duela bi urte eta erdi Peña Palomo Linaresek 50 urte egin zituen eta kanta bat egin nien eta duela hiru hilabete Sasoetako txalapartarien kanta estreinatu genuen. Gainera, Okendoko palmondoa, Zabaletako gaina eta Oriatik Lasartera egin ditut.

Badaukazu kantaren bat zuretzat kuttunena dena?

-Ni, azken finean, akordeoilaria naiz eta akordeoiko kantekin geldituko nintzateke. Nire koadernoa musika eskoletan eskaini dut eta leku askotan daude partitura hauek: Getarin, Hernanin, Urnietan, Bilbon, Vigon, Madrilen, Bartzelonan, Cuencan. Orain dela bizpahiru urte Facebooken sartzu nintzen eta horri esker partiturak saldu ditut Frantzian, Alemanian, Israelen... Niretzat oso garrantzitsua da. Jakiteak Alemaniako irakasle batek hango ikasle bati nire partiturak eman dizkiola asko betetzen du. Gero oso harro nago pianorako egindako kantekin. Aurrena kanta bat egin nuen eta andaluz kutsu bat nabaritu nion. Emazteari galdetu nion eta berak ere gauza bera pentsatu zuen. Orduan, hortik abiatuta, Andaluziako probintzia guztietako herri baten izena jarri nien kanta bakoitzari eta gero pianoko tekla beltzekin jotzeko kanta bat egin nuen. Horregatik koadernoaren izena 8 canciones andaluzas y una propina para teclas negras da.