Urnieta - Herriko gazteen mugikortasuna sustatzeko helburuz, Urnietako Gazte Informazio Puntuak III. Bidaien diaporama lehiaketa jarri du abian Modu honetan, gazteek azken urte hauetan bizi izan dituzten esperientzia interesgarrien berri emateko modua izango dute. Sari potoloak banatuko dira.

Buruntzaldea eskualdeko edozein udalerritan (Urnieta, Hernani, Astigarraga, Usurbil, Andoain eta Lasarte-Oria) bizi, ikasi edo lan egiten duten eta 2004a baino lehenago jaiotako gazte bidaiazaleek aukera paregabea dute haien bidaiaren bat ezagutzera emateko: nolako esperientzia izan zen, nola antolatu zuen bidaia, zein ibilbide burutu zuen, zer ikusi eta ikasi zuen...

Diaporamak 2012 ondorengo bidaiei buruzkoak izan beharko dute eta ikus-entzunezko materiala eta 30-45 minutuko ahozko aurkezpena izan beharko dute. Aurkezpenak banaka edo taldean egiteko aukera eskainiko da, baina hori bai, taldeko gehienezko parte-hartzaile kopurua lau pertsonakoa izango da.

Izena emateko eta lanak aurkezteko epea urtarrilaren 24an amaituko da eta ondorengo lekuetan egin daiteke: Lekaio kultur etxea, Gazte Informazio Puntua eta Urnietako Udalaren webgunea.

Aurkezten diren guztien artean hiru pertsona hautatuko dira, bidaien originaltasuna eta aurkeztutako materialaren kalitatea kontuan izanik, beraien diaporama aurkezteko.