Ereñotzu - Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak bukatutzat jo du Ereñotzuko zentral hidroelektrikoak Urumeatik 4.000 litro ur segundoko hartzeko orain arte izan duen eskubidea, zentrala hiru urtez jarraian geldirik egon delako. Halaber, jabeari esan dio hamar hilabeteko epean bertako presa eta arrain-eskala botatzeko proiektu bat aurkeztu behar duela. Zentralaren jabea Errenteriako Udala da, nahiz eta Ereñotzu, berez, Hernani den.

"Espedientean pertsonatuta egon garen Eguzki eta Ríos con Vida elkarteen iritziz, albiste bikaina da; izan ere, Aldundiaren txostenetan irakur daitekeenez, presa hori bateraezina da Natura 2000 Sarean integratuta dagoen Urumeako Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) helburuekin", adierazi dute ohar baten bidez bi elkarte horiek.

Eskalak arazoa arindu behar zuen, "baina ustel atera da, eraginkortasun eskasekoa eta manten-tze zailekoa" baita, arrain-faunaren mugimenduak galarazteraino. Are gehiago, "Urumea arroan izokina errekuperatzea oztopatzen ari da", ziurtatu dute ekologistek.

Helegitea Errenteriako Udalak oraindik Konfederazioaren erabakiaren kontrako helegitea aurkez dezake, baina Eguzkik eta Ríos con Vidak espresuki ez aurkezteko eskatuko diote. - A.M.