Usurbil - Atsobakar eremuan kirol ekipamendu bat eraiki ahal izateko udal araudia aldatzea beharrezkoa zen eta Usurbilgo azkeneko Osoko Bilkurak aho batez onartu zuen atzo.

Atsobakar espazioa Urbil merkatalgunetik oso gertu aurkitzen da. Zati bat Lasarte-Oriako udalerrian kokatzen da eta beste zati bat Usurbilen. Baina azkeneko honetan par-tzela bat, nahiz eta Usurbilgo udalerrian kokatuta egon, Lasarte-Oriako Udalaren jabetzakoa da. Juxtu, leku horretan Lasarte-Oriak kirol ekipamendu bat eraiki nahi du: futbol eta errugbi zelai bat atletismo pista batez inguratuta, zehazki. Baina estadio hau eraikitzeko Lasarte-Oriak Usurbilgo baimena behar du.

Gai hau urtetan kiribilduta egon da, baina joan-etorri ugari izan dituen gai honek duela aste batzuetako Osoko Bilkuran itxi zen.

Gogorazi zutenez, irailaren 26ko Osoko Bilkuran onartu zen, hasieraz, arau horiek aldatzea. Epe jakin batez jendaurrean egon zen, hasieraz onartzen diren erabaki guztiak bezala, jendeak alegazioak aurkez ditzan, hala nahi izanez gero.

Hain zuzen, alegazio bat egon zen: herritar batek esan zuen eremu horretan lur kutsatuak daudela Luzuriaga-Fagorren jardunaren ondorioz, eta neurriak hartzea eskatu zuen. Alegazioa kontuan hartu edo ez jakiteko, udal arkitektoak Lasarte-Oriako Udalari egin zion kontsulta. Lasarte-Oriako Udalak erantzun zuen gaur egun ordenazioa lantzen ari direla, eta gai horretaz "aurrerago" hitz egin beharko li-tzatekeela. "Lur horiek ez daudela inongo katalogotan esan du, eta alegazioa aintzat ez hartzea izan da egin duten proposamena. Beraz, Usurbilgo udal arkitektoaren proposamena hori bera da: alegazioa aintzat ez hartzea", azaldu zuen Agur-tzane Solaberrieta Mesa alkateak. Gauzak horrela, zinegotzi guztien aldeko botoarekin, behin betikoz onartu zen udal arau horiek alda-tzea.

Osoko bilkura berberan bigarren gai bat landu zen: Gipuzkoako Lurralde Historikoko Haur eta Gazteen Sustapenerako Erakundearteko Sare Gaztematikari atxikimendua ematea. Puntu hau ere aho batez onartu zuten. 2009an sortu zen Gaztematika, eta horren kide da Usurbil 2010az geroztik. Urtero berritzen dira hitzarmen horiek, eta kultura batzordetik balorazio ona egin denez, Gaztematikaren parte izaten jarraitzea proposatu zuten.