Hernani - Neguko oporrak hemen dira eta, urtero bezala, Hernaniko Udalak eskaintza berezia du garai hauek familia artean modu aktiboan eta jostagarrian gozatzeko. Gaurtik urtarrilaren 4ra bitartean agenda betea dator.

Jende asko erakarri ohi duen ludoteka jarriko da aurten ere kiroldegian. Lau egunez, gainera. Jarduera fisikoa egiteko jolasez gain, tarteka atseden hartzeko parada izango dute haurrek eta zer hobeto indarrak hartzeko tarte hori irakurtzeko aprobetxatzea baino.

Horretaz gain, haurrentzako zinea, antzerkia eta musika ere izango dira: Kikoriki eta Elkano. Lehen mundu bira pelikulak, zinearen atalean, eta Burbuilak eta Lau urtaroak: zer ziren eta zer dira!, antzerkian.

Abenduaren 23an Argigrama familiarentzako lantegia antolatu dute. Aurrez Biterin izena eman behar da bi aukeretako batean: 16.00etatik 18.00etara edo 18.00etatik 20.00etara. Sei urtetik gorako haurrentzako tailerra da eta hamar urtetik beherakoak heldu batez lagunduta joan behar dute. Helduek ere parte har dezakete.

Gainera, komiki tailerra prestatu dute hamar eta hamalau urte bitartekoentzat. Tailerraren iraupena lau saiokoa da (abenduaren 30ean, 31n eta urtarrilaren 2an eta 3an). Izena udal liburutegian eman behar da.

Liburutegian jarri ohi duten zuhaitzaren joko-lehiaketak osa-tzen du egitaraua. Lehiaketaren aurtengo gaia Kaxkoko dendak: lehen eta orain da. Saria izango du, gainera, denden iraganeko pasadizoetan murgiltzeak. Galdera ba-tzuk daude eta ondo erantzuten dutenen artean herriko liburudendetan erabiltzeko 60 euroko hiru eros-txartela zozkatuko dira.

Azkenik, 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzat egitarau berezia prestatu du Udalak. Aspertzeko astirik ere ez dute izango. Txistor jana, parkour ikastaroa, sormen tailerra, izotz patinajea, kartinga, mugikorretik kopia analogikoak egiteko tailerra... ekintza horiek guztiak izango dira nerabe eta gazteen eskura. - A.M.