Andoain - "Euskara ez dugu trofeotarako nahi; euskara erabilia izatea nahi dugu. Eta badakigu erabilera handituko bada, denok dugula zeregina, eta Udalarena den bezala herri-erakunde guztion eginkizuna dela erabilera hori sustatzea. Euskarak, hizkuntza bizia izango bada, indar-tsu izan behar du ikus-entzunezkoen eremuan ere", azaldu zuen Mikel Arregi zinegotziak.

Martxan da Andoaingo Udalak eta ESCIVI-Zine eta Bideo Eskolak bosgarren urtez antolatu duten Andoain Laburrean bideo lehiaketa.

Ainhoa Aiertza Escivi Zine eta Bideo eskolako ordezkariak lehiaketaren nondik norakoak argitu zituen agerraldian. 2020ko urtarrilaren 30ean izango da lanak aurkezteko azken eguna. Lehiaketan 16 urte edo gehiago dituztenek parte har dezakete pro-fesionalak ez badira, eta Andoainen bizi, ikasi edo lan egiten badute. Bideoak edozein generotakoak izan litezke, mutuak ere izan litezke, baina hizkuntza erabiltzen bada, euskara izan beharko du.

Lehiaketako gaia librea da eta ez du zertan mugaturik Andoainera edo beste zein eremu geografikora. Nolanahi ere, Andoaingo herriari edo Andoaingo pertsona edo gertakari ezagun bati buruzko erreferentziaren bat jasotzea hobetsiko da. Bideoek gehienez ere 15 minutuko iraupena izango dute, kredituak barne.

Edozein generotakoa izan daiteke lana: filmea, publizitate spota, elkarrizketa, dokumental laburra, bideoklipa, bideoartea, animazioa... , eta bi modutan aurkeztu ahal izango dira: My Air Bridge bidez bidali daitezke bideoak euskarazerbitzua@andoain.eus postara, edota Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuan, astelehenetik ostiralera, 8.30etik 14.00etara.

Bideoarekin batera entregatu beharko dira egilearen edo egileen izena eta abizenak, jaiotze data, Andoainekin duen harremana (bizi, ikasi edota lan egin), kontaktua eta bideo laburraren izenburua.

Lanak bakarkakoak edo taldeka-koak izango dira eta partaide bakoitzak, gehienez, bi lan aurkez ditzake. Hiru sari emango dira: lehenengoa, 400 euro; bigarrena, 200 euro; eta hirugarrena, berriz, 100 eurokoa.