Aste honetan Gibeleta kalera heldu da Kalez Kale Hondarribia Hobetzen berriritartze proiektua. Lanak hasi diren eremuan bertan iragarri zuten atzo Txomin Sagarzazu alkateak eta Gonzalo Carrion zinegotziak, proiektu orokorraren helburua hiri-ingurunea hobetzea dela gogoratuz.

Sagarzazuk aipatu zuenez, Hondarribiarentzat mugikortasun justuagoa, jasangarriagoa eta seguruagoa lortzea helburu duen ekintza integraleko plana da Kalez Kale Hondarribia Hobetzen ekimena. Programa osatzen duten lanak martxoan hasi ziren Donostia eta Kosta kaleetan. "Orain programa Mendelura zabaldu dugu", azaldu zuen alkateak.

Bere aldetik, Carrionek Gibeletan egingo diren lanei buruzko xehetasunak eman zituen. Hala, kasu honetan helburu nagusia galtzadaren egoera hobetzea da, denborarekin sortu diren kalte txikiak konponduz. Beraz, aste osoan zehar asfaltatze lanak egingo dira Gibeletan. Ondoren, bertako bizilagunei egunerokotasunean laguntzeko asmoarekin, aparkalekuak egokituko dira berriz ere margoketa lanekin.

Guztira, Gibeletako lanek hilabete bat iraungo dute. Izan ere, duela hamar egun kaleko arketa guztiak (50, hain zuzen ere) egokitu egin ziren, eta orain lanen jarraipena egingo da. Orohar, Udalak 165.593 euroko aurrekontua aurreikusi du proiektu honetarako.

Hala ere, udal arduradunek atzo gogorazi zuten bezala, berriritartze proiektu orokorrak, Kalez Kale Hondarribia Hobetzen, bost gune ditu (Donostia Kalea eremua, Kosta kalea, Harresilanda Kalea eremua, Gibeleta Auzoa eta Sabin Arana eremua), aurrekontu osoa 3.329.404,07 eurokoa da, eta hamabost hilabeteko iraupena izango du. l