- Hondarribiko Emeki emakume elkarteak Hondartza Kiroldegiko aldageletako paretak guztiz ixtea eskatu du aste honetan. Elkartetik adierazi dutenez, emakumeak aldageletan modu seguruan arropaz aldatzeko eskubidea izan beharko lukete, eta "momentu honetan kiroldegian ez da segurtasuna bermatzen, ondoan dauden edozein aldageletatik edonork grabatu edota argazkiak atera ditzakeelako aldageletan dauden emakume zein haurrei". Gainera, kiroldegia ireki zenetik grabaketak egiteko saiakerak egon direla salatu dute elkartetik. "Ez dugu ulertzen zergatik ez den irtenbiderik eman arazo honi", diote Emekitik. Pasa den astean Bilboko Maristas ikastetxean emakumeen aldageletan kamera bat aurkitu zuten, eta albiste hau izan da Hondarribian kezka berriz piztu duena. Horregatik, elkartetik hurrengo galdera bota diote kiroldegiko arduradunei: "Zer egingo duzue gure segurtasuna bermatzeko?".