- Jakina denez, Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen artean ahozko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da, gizarte esparru guztietara zabalduko dena eta iraupen mugatua izango duena.

Aurtengoan, Euskaraldiak hamabost egun iraungo du, azaroaren 18tik abenduaren 2ra, eta ekimenaren leloa Hitzez ekiteko garaia izango da. Irungo Euskara ordezkariak, Miren Echevestek, atzo adierazi zuenez, aurten ekimenak bi helburu nagusi izango ditu: alde batetik, parte hartzen duten pertsona eta entitateek euskararen erabilera zabaltzeko urrats berriak ematea, eta bestetik, parte-hartzea areagotzea.

Helburu generiko hauez gain, Irungo Euskaraldirako Batzordeak beste hiru helburu ezarri ditu hirian: ekitaldian belarripresten parte-hartzea handiagoa izatea, gizonezkoen partaidetza sustatzea eta, azkenik, gazteen artean parte-hartzea handitzea.

Hau lortzeko, Batzordeak prestatu dituen mugarrien zirriborro xume bat aurkeztu zuen atzo Echevestek. Hala, maiatzaren 18tik aurrera zabalik dago parte hartu nahi duten entitateen izen-ematea. Ekaina eta abuztua bitartean Euskaraldia hirian zabalduko da “kalea berreskuratzeko eta ariketari ikusgarritasuna emateko”. Irailaren 29an irekiko da ahobizi edo belarriprest gisa izena emateko epea, eta urritik azarora bitarteko hilabeteak prestakuntzan eta jardueraren sozializazioan emango dira.

Zinegotziarekin batera, Real Unioneko presidenteak, Igor Emeryk, hiriko elkarteek ekitaldian parte hartu dezaten animatu nahi izan zituen atzo. Ildo horretan, “euskararen erabilera egunerokoan edo jardueran areagotzeko urrats esanguratsu bat ematea” eskatu zien Emeryk irungo herritar eta erakundeei, eta zuzentzen duen klubak emango duen pausoa jarri zuen adibide gisa.

Amaitzeko, Euskaraldiak Irunen sortzen duen adostasuna nabarmendu zuen Echevestek; izan ere udal talde politiko guztiek ekimenarekin bat egin nahi izan dute aurtengoan.