Jaizkibel mendiko dorreak txukuntzeko ideia 2019an hasi zen garatzen udaletxean baina pandemiak plan horiek orain arte atzeratu egin ditu. Hala ere, azken urteotan Jaizkibel mendiko ondarea arkeologikoa eta naturala berreskuratzeko lan ugari aurrera eraman ditu Udalak. Sagarzazuk hauetariko zenbait aipatu zituen atzo, esaterako Jaizkibel Amaharri liburuaren argitalpena, Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera duela gutxi aurkeztu den errotarrien proiektua edo bertako itsaslabarra eta itsasertzeko txilardiaren berreskurapena.

Dorreen kasuan, ondarribiko Udalak Jaizkibel mendiko IV. eta V. dorreak (hondarribiar helduenak Santa Barbara eta Erramuzko dorreak deitzen dituztenak, hain zuzen ere) sendotzeko lanak abiarazi ditu aste honetan. Herriarentzat "interes handia" duen proiektu bat da, Txomin Sagarzazu alkateak atzo azaldu zuen moduan.

Obren zuzendaria den Aritz Díez-Oronozek eman zituen xehetasun nagusiak, "oso egoera txarrean" dauden bi egitura direla argituz. Duela urte asko mantentze lanik jaso ez dutenez eta beti euripe eta haizeteen menpe daudenez, denborarekin kalte asko jasan dituzten eraikuntzak dira. "Egiturari dagokionez, bi dorreetako harlangaitzezko hormak sendotuko dira", zioen Díez-Oronozek. Hau egiteko erraz eraman daitekeen eta tamaina txikiko materialak erabiliko dira, dorreetara iristeko sarbideak errazak ez direlako.

Beraz, harresien egonkortasuna finkatzeko harlangaitzezko eta karezko morterozko kolokan dauden zatiak sendotuko dira, dorreetan hazi den landaredia eskuz kenduko da, sortu diren pitzadurak josiko dira eta barneko betelana induskatuko da. Gainera, euri urek dorreetatik ateratzeko kanalizazioak hobetuko dira.

Hondarribiko Udalak proiektuaren sustatzailea bada ere, Eusko Jaurlaritzak obraren aurrekontuaren erdia estaltzen duen laguntza bat eman dio tokiko administrazioari, eta horregatik Sagarzazu alkateak eskerrak eman nahi izan zizkion Jaurlaritzari. Obraren aurrekontu osoa 118.341 eurokoa da (Jaurlaritzak 63.986 euro jarri ditu) eta bi hilabeteko epea du, klimaren arabera luzeagoa izan daitekena.