Konfinamendu garaian Hondarribiko Gizarte Zerbitzuak lanketa bat egin zuen: 65 urtetik gorako hondarribiar guztiekin harremanetan jarri zen hauen egoera zein zen jakiteko asmoarekin.

Azken hilabeteotan, Gizarte Zerbitzuetatik Hondarribiko nagusiekin lan ildo berri bat ireki da: hiriko adinekoen elkarteek (Afagi, Nagusilan eta Kasino Zaharra, nagusiki) osatzen duten mahai parte-hartzaile bat. Foru horretan azaldu diren lehenengo gaietako bat adinekoak diren eta bakarrik bizi diren hondarribiarren benetazko egoera ezagutzeko beharra izan da.

Profil horrekin bat egiten duen pertsonen eguneroko errealitatea nolakoa den jakiteko, Udalak eta Ikei enpresa donostiarrak ikerketa sakon bat burutuko dute datozen asteetan. Zehazki, 75 urtetik gorako eta beraien kabuz bizi diren 563 hondarribiarrekin harremanetan jartzea eta, galdetegi arin baten bitartez, hauen nahiak, kezkak eta beharrak jasotzea da ikerketaren helburua.

Modu honetan, egoeraren "irudi orokor bat" osatzea espero dute Gizarte Zerbitzuek, arloaren arduraduna den Gotzone Larrarte zinegotziak atzo azaldu zuen bezela. Datuak eskuan hartuta, udal zerbi-tzuak ekintza zehatzak sortuko ditu galdetegiak aurreikusten dituen gai ugariak kontuan hartuz: kirol jarduerak, sozializazioa, behar ekonomikoak, digitalizazioa...

Larrarterekin batera, atzoko agerraldian Ikei enpresako María Lópezek eta Laura Gallok parte hartu zuten. Hauek aurreratu zutenez, inkestan parte hartzeko irizpideak betetzen dituzten pertsonek eskutitz informatibo bat jasoko dute beraien etxeetan datozen egunetan, ekimena zabaltzeko eta erantzuteko beldurrak kentzen hasteko. Inkestak telefonikoki egingo dira.

Lanketa datozen asteetan egin ondoren, ikerketaren emaitzak "martxoan edo apirilean" prest egongo lirateke, Ikeitik aurreikusten dutenez. Momentu horretan, Udalak datuak zabalduko ditu.