- Eusko Jaurlaritzaren Portu eta Itsas Gaien Zuzendaritzak ia bi milioi euroko inbertsioa egin du Hondarribiko instalakuntzak gaur egun dituen babesak indartzeko eta obren lehen fasea, 1.988 hormigoizko blokeen garraioarena, asteartean hasi zen.

Lan hauen berri emateko, Aitor Etxebarria Portu eta Itsas Gaien zuzendaria, Txomin Sagarzazu alkatea eta Norberto Emazabel kofradiako abade nagusiak kaian bertan bildu ziren atzo. "Denok badakigu, gaur egun eta gure iragana kontuan hartuta, gure arran-tzaleei itsasoaren eraginarengandik babesa eskaini behar zaiela", azpimarratu zuen alkateak, Portu Zuzendaritzari eskerrak emanez obrak aurrera eramateagatik.

Hondarribiko arrantza portuaren jatorrizko dikea eta bere handitzea 90eko hamarkadaren amaieran egin ziren eta, ordutik, ez du beste hobekuntza jarduerarik jasan. Etxebarriak azaldu zuenez, azken urteotan olatuen eta itsasoaren altuera igo egin dira eta, beraz, beharrezkoa da Euskadiko portuen azpiegiturak berritzea, hauen aktibitatea bermatzeko.

Ildo horretan, indartu beharreko dikearen sekzioa Hondarribiko portutik iparralderago dagoena da, itsasoaren oldarraldien eta denboraleen aurrean arrisku handiena duena. Naturak Euskal Autonomia Erkidegoko portuetan azken urteotan eragin dituen kalte larriak gogorarazi zituen ere zuzendariak.

Azalpen teknikoetan sakontzen, Portuetako zuzendariak dikearen ezponda sendotzerakoan jarriko diren blokeei dentsitate handiko hormigoia esaten zaiela, eta agregakin siderurgikoekin fabrikatzen direla gehitu zuen. "Dentsitate handiko hormigoia erabiliz, agregakin siderurgikoak berrerabiltzen dira, industria hondakin horiei balio erantsia emanez eta harrobiko baliabide naturalen kontsumoa murriztuz", zioen Etxebarriak.

Blokeen garraioaren lehen fase honetan, eta alkateak aurreratu zuenez, datozen hamar egunetan, hormigoizko blokeak Kai Berriraino eramango dira. "Lau kamioik bi bidaia egingo dituzte ordu bakoi-tzean, eta ordu erdiro kamioi bat sartuko da Hondarribian", argitu zuen Sagarzazuk, ibilgailu hauen bidaiak hiriko bideetan sumatu ahal izango direla aurreikusiz, mezua herritarrenganaino iritsi dezan.

Amaitzeko, Emazabalen eskerrak eman zizkion Portu Zuzendaritzari Hondarribiko arrantzaleen izenean: "Oso berri pozgarria da obra hau egitea, besteak beste, neguko hilabeteetan segurtasun gehiago emango digulako".