Jasangarritasunerako hezkuntza bueltan da Bidasoaldeko ikastoletan

Txingudiko Zerbitzuaken hezkuntza eskaintza presentzialki egingo da ikasturte honetan

09.10.2021 | 00:59
Elatzetako ikasleak, Zisare programan parte hartzen. Argazkia: J. Guezala

irun – Txingudiko Zerbitzuaken jasangarritasunerako hezkuntza eskaintza presentzialtasuna berreskuratuko du ikasturte honetan. Hala iragarri zuen atzo Mankomunitateko gerenteak, Leire Zubiturrek, Irungo Elatzeta ikastetxean eskaini zuen prentsaurrekoan. Izan ere, Elatzetak aktiboki parte hartzen du entitateak eskaintzen dituen hainbat ikastarotan, bai eta Zisare programan ere (haurrek konposta zer den ezagutu dezaten).

Zubiturrek gogorarazi zuenez, Txingudiko Zerbitzuakek urtez urte eskola-bizitzako etapa desberdinetara egokitutako ikastaro sorta zabala eskaintzen jarraitzen du. "Era berean berrikuntza-ahalegin handia egiten dugu ikastaroak erakargarriak izan daitezen etxeko txikientzak", jarraitu zuen gerenteak, aurten berrikuntza handienak Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) ingurukoak direla gehituz. "GJHak sentsibilizazio tresna paregabea dira", adierazi zuen Zubiturrek, iaz estreinatutako Escape Hall-aren eta GJHen tailerraren helburua balio horiek zabaltzea dela argituz.

Txingudiko Zerbitzuaken arduradunarekin batera Marga Zinkunegi egon zen atzo, Elatzeta ikastetxeko zuzendaria. Honek zentroan izandako esperientziaren berri eman zuen: "Iaz Zisare programan parte hartu genuen". Balorazioa oso positiboa izan zen, ikasleek "primeran pasatu" baitzuten.

noticias de noticiasdegipuzkoa