- Irungo Udaleko Garapen Jasangarriaren arloak iragarri du aurten berriz ere egingo dela Gorosti bat elkarrekin hazteko ekimena. Gorosti banaketa irailaren 25ean izango da aurtengoan. Oraingo honetan, 2020an jaiotako haurrei eta horien familiei zuzenduta dago jarduera. Gorosti landare bat eta ipuin tematiko bat emango zaizkie udaletxeko arkupeetan egingo den ekitaldi batean. Parte har-tzeko, Irunen iaz jaiotako haurrak dituzten familia guztiek Udalaren webgunearen bidez edo 010era deituz eman beharko dute izena. "Tramite oso erraza da, eta asko lagunduko digu zehatz-mehatz jakiteko zenbat jende etorriko den", azaldu dute Garapen Jasangarriko arlotik. Txandak ezarri ondoren, partehartzaileei posta elektroniko bidez helduko zaie hitzordua, gorostia jasotzera zer egunetan eta zer ordutan pasatu behar duten adierazita. Izena emateko epea datorren uztailaren 31ra arte egongo da irekita. Beti bezala, doako jarduera da.