- Maria Serrano Sustapen Ekonomiko, Merkataritza eta Turismo zinegotziak atzo iragarri zuen merkataritza zein zerbitzuen modernizazioa indartzeko dirulaguntzen deialdiaren irekiera, oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean astelehenean argitaratu baitziren. Hala, enpresa eta autonomo hondarribiarrek datorren maiatzaren 26ra arte eskatu ahal izango dituzte laguntzak, aurrez aurre Biztalearen Arreta Zerbitzuan edo telematikoki, udal webgunearen bidez (hondarribia.eus).

Serranok gogorarazi zuenez, ekimena Hondarribia Abian planaren barne dago: "Plan honen bitartez, Hondarribiaren garapen sozioekonomikoa indartu nahi da". Zinego-tziak Udalean krisi egoera zaila dela jakitun direla adierazi zuen, dirulaguntza hauek egoerarekin lotuta daudela nabarmenduz: "Ez dira lehenak, ezta azkenak izango ere".

Deialdiak bi lerro izango ditu: lehenengoak jarduera ekonomikoa 2020 edo 2021ean hasi duten enpresa txikientzako laguntzak aurreikusten ditu; bigarrenak, ordea, 2020. urtean zehar lokal komertzialetan egindako inbertsioak, lehiakortasuna hobetzeko azterketa teknikoen kontratazioak edo komunikazio zerbitzuen kontratazioak diruz lagunduko ditu. Orotara, iazko kopuruak mantenduko dira: lehen lerroari 25.000 euro bideratuko zaizkiolarik eta bigarrenari 35.000. Serranoren hitzetan, Udalaren asmoa deialdi hau urtero antolatzea da.